Anaitasuna txapeldunorde, Azpeitia Cupen kopa txapelketan

Anaitasunaren taldea, Azpeitiko Garmendipe zelaian. (Anaitasuna)

Kopa txapelketaren finalera sailkatu zen Anaitasuna, baina Mulier taldeak 0-3 menderatu zuen Azkoitiko taldea. Anaitasuna txapeldunordearen garaikurrarekin itzuli da Domusa Teknik Azpeitia Cup futbol txapelketatik.

Anaitasuna futbol taldea txapeldunordearen garaikurrarekin itzuli da Domusa Teknik Azpeitia Cup futbol txapelketatik. Kimuen mailako nesken txapelketa jokatzen aritu dira egunotan Garmendipeko futbol zelaietan, eta atzo, igandea, erabaki zituzten irabazleak. Kopa txapelketaren finalera sailkatu zen Anaitasuna, baina Mulier taldeak 0-3 menderatu zuen Azkoitiko taldea.

Ostiralean hasi zituzten Domusa Teknik Azpeitia Cup txapelketaren neurketak. Euskal Herriko, Galiziako eta Espainiako 28 talde elkartu dira asteburuan Azpeitian; besteak beste, Madridek, Atletico Madrilek, Realak, Athleticek, Osasunak, Valentziak eta Rayo Vallecanok parte hartu dute lehian. Ostiralean eta larunbatean hainbat neurketa jokatu ostean, txapelketaren amaierako fasea jokatu zuten atzo aurreko egunetan maila onena erakutsitako taldeek.

09:00etan hasi zituzten atzo partidak; 12:15ean, kopa txapelketaren eta liga txapelketaren finalerdiak jokatu dituzte; 13:00etan, kopa txapelketaren finala jokatu zuten, eta liga txapelketaren finala, 13:30ean. Ondoren banatu zituzten aurten lehen aldiz jokatu den kimu nesken txapelketako sari guztiak.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide