Anaitasunako bazkideek denboraldi berrirako bazkide txartela jasotzeko aukera izango dute gaur

Gaur, asteazkena, Lagun Onaken aurka jokatuko du Anaitasunako gizonen lehen taldeak, 19:00etan. Iaz Anaitasunako bazkide izan zirenek denboraldi berrirako bazkide txartela jasotzeko aukera 18:00etatik aurrera. Txerloiko leihatilara zuzendu beharko dute horiek.

Gaur arratsaldean, denboraldiaurreko laugarren lagunartekoa jokatuko du Anaitasunako gizonen lehen taldeak. Xabi Artetxeren mutilak Lagun Onaken aurka arituko dira Txerloian, 19:00etatik aurrera. Azken denboraldian bazkide izan diren jarraitzaileek denboraldi berrirako bazkide txartela jasotzeko aukera izango dute gaur, beti ere horrela nahi izanez gero.

Anaitasunak Txerloiko leihatila zabalik izango du 18:00etatik aurrera, eta bertan kudeatuko ditu bazkidetzaren ordainketa kontu korrontetik egiten duten bazkideen zein bazkidetza eskuz ordaintzen dutenen eskariak. Klubak jakinarazi nahi du, bazkidetza kontu korrontetik kobratzea nahi dutenei ordainagiria datozen egunetan igorriko zaiela.

Lau multzotan banatu ditu klubak bazkidetzak:

  • Helduak: 90 euro
  • Jubilatuak eta langabetuak (ziurtagiria aurkeztu beharko dute): 50 euro
  • Gazteak (18-22 urte, biak barne; NANa aurkeztu beharko dute): 50 euro
  • 18 urtez azpikoak: doan

Bestalde, bazkidetza lehen aldiz egin nahi duten herritarrek datu pertsonalak eta kontu korrontearen zenbakia bidali beharko ditu 609 06 17 75 telefono zenbakira edo anaitasuna@cdanaitasuna.com helbide elektronikora.