Garrantzitsua bai, erabakigarria ez (Larunbata 17:00)

Erabiltzailearen aurpegia C.D. Anaitasuna 2016ko mar. 4a, 21:54
Bihar jardunaldinako eta zergatik ez esan, denboraldiko neurketa erakargarriena eta garrantzitsuena jokatuko da Txerloian. Gipuzkoako Ohorezko Mailako bi talderik sendoenak nor baino nor gehiago arituko dira Txerloiako Futbol zelaian, bi taldeak 48 punturekin sailkapenaren buruan baitira.

 

Tolosarrak jokoan zeuden azken seiu puntuetatik bakarra batuta iritsiko dira gure mutilen aurkakora. Pasa den astean Tolosak ere ez zuen Touringen aurka jokatu behar zuen neurketa jokatzerik izan, bertan behera gelditu baitzen zelaiaren egoera makurragatik. Etxean Oriokoren aurka puntu bat lortu zuen orain hiru aste, eta Hondarribiara egindako bisitan etxekoak nagusitu ziren. Boladarik kaskarrenean iritsiko dira tolosarrak, beraz, emaitzei dagokienean bada ere. Horrek, ordea, ez ditu arriskutsu izatetik inondik inora baztertzen eta gure mutilek inoiz baino arreta gehiagorekin jokatu beharko dute bihar arratsaldeko 17:00etan hasiko den partida.

Gureen bolada, aldiz, guztiz kontrakoa da. Zortzi neurketa daramatzate partidarik galdu gabe, baina garrantzitsuena daramaten bolada da, azken lau partidetan jokoan zeuden puntu guztiak batu baitituzte. Hori horrela, Tolosak egindako estropezuak baliatu eta Ohorezko Mailaren lidertzara iritsi da. Aste honetan ere hiru lan saio burutu dituzte gure jokalariek eta Igor Quindos entrenatzaileak gaurko azken entrenamenduaren ostean jakinarazi du zen 18 jokalari deitu dituen biharko neurketa garrantzitsurako.

Bereziki garrantzitsua izango dena jarraitzaileen eta herritarren bultzada izango da. Klubak herritarrak gorriz jantzita joatera animatu nahi ditu, sarreran abantaila batzuk izango baitituzte hala jantzita daudenek. Bazkide ez diren azkoitiarrek, esaterako, 3 eurotan lortu ahal izango dute partida ikusteko sarrera.

Bestalde, atsedenaldian jolas bat egingo da. Zelai erditik jaurtiketa egingo dute sarreran izena ematen duten sei zalek. 30. minutura arteko epea egongo da izena emateko, eta joko honetan parte hartzeko arau bat eta bakarra dago, gorriz jantzita egotea. Sei jarraitzailek baino gehiagok ematen badute izena, zozketa egingo da eta atsedenaldian jakinaraziko da zein izango diren parte-hartzaileak. Beraz, egun berezi honetan eman diezaiegun gure bultzadarik handiena jokalariei. Izan gaitezen beraien bide lagunak borroka honetan!

Deialdia

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide