Horrela jai dugu

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Matxinea 2018ko api. 14a, 12:00

«Gazteek lanik ez dute!», «Pentsioak kendu behar dizkigute», «Orain lehen baino lan gehiago egin eta gutxiago kobratzen dut»... Azken urteotan, batez ere sistema kapitalistaren azkeneko krisia hasi zenetik, asko entzun dira horrelako esaldiak.

Ulergaitza egiten zait langile bat etortzea esanez bere lan egoera okertu egin dela eta hori botata lasai gelditzea. «Ez duzue asmorik ezer egiteko?», erantzun izan diet batzuei, burua makurtu eta sorbaldak altxatzen dituzten bitartean, etsipenez. Izan ere, gaur egun langile klasearen miseriaren aurka borrokatzeko zer dugu? Zein erreminta ditugu? Bada, orain dela mende bat baino gutxiago langileok eskubideak eta boterea lortzeko genituen berberak bai behintzat. Baina ez ditugu erabiltzen, eta ez du ematen epe motzean erabiliko ditugunik. Gaur, bide horiek moztu egin dizkigute, eta ez legalki (guztiak ez behintzat), kontzientzian barneratu dizkiguten ideien bitartez baizik. Ez naiz ari eskuineko alderdi, erakunde eta hedabideen manipulazioari buruz, eta hori existitzen da, bai (hala ere, behintzat garbi uzten dute zer diren); oraingoan, batez ere, ezkerreko erreformistez ari natzaizue, sozialdemokratez. Ustezko ezkerreko alderdi eta erakundeak dira gure klasearen noraezaren errudun handienetarikoak. XIX. mendean hasi eta XX. eta XXI. mendeko ezker “demokratiko” hori, oraindik zerbait lortzeko zain dauden horiek, eserialdi, mosaiko erraldoi, giza kate, batukada eta abarren bitartez. Instituzioak konkistatu nahi dituzten horiek eta haiek lortutakoan hortik eraldatu guztia, nahiz eta historiak erakutsi digun ezer gutxi alda daitekeela instituzio horietatik. Gizarte berri bat eratu nahi dutela dioten horiek, baina ez direnak ia inoiz kapazak izan masekin bat egiteko. Eskuineko alderdiekin eta patronalarekin negoziazio edo hizketaldi lagunkoiak izaten dituzten horiek, langileria salduz behin eta berriz. Podemos eta “enpresari abertzaleen” aldeko kanpaina eta EH Bildu eta Confebasken arteko “erlazioen normalizazioa”, kasurako.

Alderdi horiek borroka egiten dutenak kriminalizatzera iritsi dira, errudun bilakatuz benetan heroiak direnak.

Istorio hau XIX. mendean hasi zen eta gaur arte jarraitzen du. Pertsona askok horien aurkako teorizazio sakonak egin dituzten arren eta ondoren historiak hori baieztatu arren. Alemaniako SPDren kasua nabarmenetarikoa da: Marx, Engels, Rosa Luxemburg, Karl Liebknecht, Clara Zetkin eta abarren kritikak jaso zituzten. Gaur, ikusi besterik ez dago zer den SPD (edo PSOE, estatu espainiarrean), nola eboluzionatzen ari den sozialdemokrazia, aurtengo otsailean bertan Merkelekin koalizioa negoziatzen ari den alderdia. XXI. mendean langileok hau jasan behar al dugu oraindik? Zapaltzen gaituztenekin dauden horiengan konfiantza izaten jarraitu behar al dugu?

Badirudi beste 100 urte pasatuko direla eta sozialdemokraziaren lorpenen zerrenda hala ere hutsik egongo dela, baina norbait borrokatuko da haien partez, eta haiengatik. Langileongatik eta gure askatasunarengatik. Zapalkuntza guztien amaieragatik eta ez horietako batzuen minorizatze tenporalengatik.

«Gizartea eraldatzeko erreforma legalen bidetik erabakitzen denak (...), ordena sozial baten ordez, benetan nahi duena aldaketa sinpleak dira, ez esentzialak, jadanik existitzen den gizartean» (Rosa Luxemburg, 1897)

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide