Klixeak une oro

Erabiltzailearen aurpegia Amamaren kutxa 2022ko ira. 3a, 11:24

Aitor Arruti Rezabalek eta Koldo Campos Sagasetak Amamaren Kutxan idatzi duten ekarpen berria: Klixeak une oro.

"Ea ba, jan ezazu zopa, pentsatu Afrikako behartsuak nola dauden, gosez hiltzen". Horrelakoak entzuten ditugu norbaiti zerbait janarazi nahi diotenean, jatekoa izanik zorioneko garela azalduz. Kontu berberak entzuten genizkien gurasoei aspaldi, hitz eta asmo berberekin. Horrela bada, Afrikako behartsuengatik ez balitz, ez genuke zoparik jango, haiek ditugu jateko pizgarri aspalditik.

Klixe horren barruan, ez gaitu asetzen xehetasunik azaldu nahi ez denean hizkuntza inpertsonala erabiltzeak, zehatz azalduz gero, jendea ez baita gosez hiltzen, gosez erail egiten baitute jendea. Gosez hiltzen dute jendea, gosea ez delako gaixotasun bat, ez delako birus bat, ez da infekzio bat, baizik eta gizarte eredu zital baten emaitza, antolakuntzan eta aplikazioan kriminal jokatuz. Nazio Batuen arabera, egunero 25.000 lagun inguru hiltzen dira munduan desnutrizioarekin lotutako arrazoiengatik, adin txikikoak gehienak. Gosea ez da txerto beharrean dagoen gaitza, gizarte-ordena bidegabe bezain hiltzailearen ondorioa baizik.

Bigarren klixea EITBko aurkezle bati entzun genion, garapen bidean dauden herrialdeak ahotan zituela; zoritxarrez goseteak eta zorigaitzak jasaten dituzten herrialde behartsuak dira, garapenaren estaziora oraindik iritsi gabeak. Hara bidean jarraitzen dute, batzuk metropoli izan zituztenen aurrerabidea miresten; beste batzuk hondoa jo dute bidean, Europako potentzia inbaditzaileekiko independentzia lortu ostean, mendeetan zehar haiei, gainera, kalte-ordaina ematera behartuta, inbaditzeko eta arpilatzeko mesedea egin zietelako.

Eduardo Galeanok zioenez, azpigarapena ez da garapeneko etapa bat, haren ondorioa baizik, eta garapenak, ordena bidegabeari erantzuten dionean, desberdintasuna soilik garatzen du.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide