Errealismoa

Erabiltzailearen aurpegia Amamaren kutxa 2020ko ira. 25a, 11:05

Koldo Campos Sagasetak eta Aitor Arruti Rezabalek Amamaren Kutxan egindako ekarpen berria: 'Errealismoa'.

Osasun-langilerik ez baldin badago, militarrak osasungintzan lanean jarri eta kito. Osasun-etxeak nahikoak ez direnean, ospitale militarrak muntatzen dituzte di-da batean. Baldin eta suteak itzaltzeko edo instalazioak desinfektatzeko suhiltzaile nahikorik ez badago, ez larritu, militarrak joango dira.

Kutsatze-miatzaileak ere ez direnez aski, Espainiako estatuak arakatzaile militarrak eskaini ditu, eta iradoki du militarrek betearazi dezaketela konfinamendua mugatutako guneetan. Martxa honetan, noiznahi ikusiko dugu legioa ikastetxeetan eskolak ematen, ahuntz eta guzti.

Egoera horren aurrean, hainbat galdera datozkigu burura. Ez ote da izango osasun-langileak, irakasleak, arakatzaileak, suhiltzaileak, zientzialariak eta abar falta direla, eta militarrak daudela soberan? Armada desagerraraztea, hain zentzuzkoa izanda, erokeria iruditzen baldin bazaigu, galduta gabiltzan seinale.

Hala esaten digute, etorkizun kezkagarria datorkigula, errealistak izan behar dugula. Bai, eta errealistak izan beharko dugu zuzen aukeratu ahal izateko: kuartelak ala osasun-zentroak, itsaspekoak ala haurtzaindegiak, traktoreak ala tankeak, bonba-jaurtitzaileak ala eskolak, arnasgailuak ala su-jaurtigailuak, bata zuriak ala kamuflatzeko uniformeak, liburuak ala granadak, hezitzaileak ala gizaigelak, erizainak ala paraxutistak, bakea eraiki ala gerra sutu, pikutara joan ala bizitza berria asmatu.

Koldo Campos Sagaseta

Aitor Arruti Rezabal

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide