Togak, tokak, nokak

Erabiltzailearen aurpegia

Espainiako Aginte Judizialaren Kontseilu Nagusiko Genero Behatokiak urtero ematen duen genero indarkeriaren aurkako pertsona azpimarragarriena Letizia erregina izango da aurten. Nonbait, “tratu txarrak jasan dituzten emakumeekiko kezka azaldu izan du beti”, eta haren jarduerek “genero indarkeriaren eta etxekoaren arazoa hobeto bistaratzeko” balio izan dute. Akabo ba!

Baliteke datorren urtean Leonor infanta aukeratzea, baina, sarituen merituak alboratuta, sari-emailearen merituak dira hemen kontua. Sandra Barrenetxea eta Aniaiz Ariznabarreta euskal presoek Madrilera erdi biluzik, kolpeka, igurtziz eta bortxatu egingo zituztela mehatxuka eraman zituztela salatu zuten bitartean, Mikel San Argimiro euskal presoak kolpeak, “poltsa” eta irain sexualengatik aurkeztutako tortura salaketa ez ikertzeagatik Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Espainia zigortu zuen egun berberetan, aipatutako Genero Behatokiak sari hori Guardia Zibilari eta Polizia Nazionalari eman zion, genero indarkeriaren aurka egindako lanagatik.

Ekitaldiaren buru ziren Bibiana Aido Berdintasun ministroa, Perez Rubalcaba Barne ministroa, Francisco Caamaño Justizia ministroa, Aginte Judizialaren Kontseilu nagusiko presidente Carlos Divar, Espainiako Abokatuen Kontseilu nagusiko presidente Carlos Carnicer, Espainiako fiskal nagusi Candido Conde-Pumpido eta beste toga ohoragarri batzuk; orobat, ez toka, ez noka zekitenak.

Koldo Campos Sagaseta

Aitor Arruti Rezabal

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide