Berri onak

Erabiltzailearen aurpegia Amamaren kutxa 2019ko api. 24a, 16:43

'Amamaren Kutxa'-n egindako ekarpen berria:

Bilboko portuan hil berri da Ibaizabal Zortzi atoiontziko makineria-burua, lan istripu ez traumatikoaren eraginez. Otsailean, portu horretan bertan, beste langile bat hil zen garabi batetik erorita. Urtarrilean, beste bat ere zendu zen orga-jasotzaile batekin uretara jausita.

Hil berri den makineria-burua azken bost hilabeteetan Bilboko portuan hildako bosgarren langilea da. 48 orduko txandak egiten zituen. Remolcadores Ibaizabal enpresako zuzendaritzak 24 ordu jarraiko jardunaldiak aldatzea erabaki zuen, eta horien ordez 48 ordu jarraikoak ezartzea. Bi egunez lanean, jarraian. LAB sindikatuak salatu izan duenez, “istripu ez traumatikoak, bihotzekoak eta iktusak dira laneko heriotzen eragile nagusiak”.

Martxoan emakume langile bat hil zen Zumaiako Mendiaraiz enpresan, lan istripu ez traumatikoz. Joan den urtean 35 lagun hil ziren lan-istripuetan Euskadin.

Dena dela, berri onak ere badira. Espainiako Enplegu ministro izandako Fatima Bañez, lan erreformaren bultzatzaile izandakoa, lanpostu berrian da dagoeneko. Ez, Bilboko portuan ez, eta 48 orduko txandan ere ez. Hemendik aurrera, Antonio Garamendi CEOEko presidentearen aholkulari pertsonala izango da.

 

Koldo Campos Sagaseta

Aitor Arruti Rezabal

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide