Azkoitiko AEK-k, 10 urte

Erabiltzailearen aurpegia AEK 2018ko abe. 11a, 11:01

Azkoitiko AEK-k 10 urte bete ditu aurtengo irailean. 2008-2009ko ikasturtean Azkoitira etorri ginen Azpeititik; aurretik ere, ordea, euskalduntze eskolak ematen genituen Kultur Etxean bertan. Ordudanik bulegoa ere bertan dugu, eta Azkoitiko AEK sortu zen.

10 urte hauetan, hainbat herritar euskalduntzea eta alfabetatzea lortu dugu, hau da, eragina izan dugu hamaika Ahobizi eta Belarripresten bilakaeran. Atzera begiratuz, bilakaera positiboa izan dugula esan dezakegu, harrotasunez. Izan ere, urtero gurera datozen ikasleen kopurua mantendu edota igo egin izan da. Gainera, horietariko askok positiboki baloratzen dituzte gurekin pasatutako urteak eta izandako eskarmentua, beren helburua lortu dutelako edota klaseetan sortzen den lagun giro atseginagatik.

Hala ere, gure eskaintza ez da eguneroko 2 orduko saioetara mugatzen. 2014-2015eko ikasturtean berrikuntza batekin hasi ginen: autoikaskuntza. Gaur egun daramagun bizi erritmoa oztopo izan daiteke euskara ohiko eskola orduetan ikasteko. Beraz, autoikaskuntzak ikasle bakoitzari egokitutako ikas prozesua eskaintzen du; hala, ikasle bakoitzak euskaltegian tutore bat izango du, eta etxeko lanen bidez bere ibilbidea garatzen du.

2018-2019ko ikasturtea izan dugun ibilbidearen ispilu da. Lau talde ditugu: A1, A2, B1 eta B2 alfabetatze taldeak, hain zuzen ere, eta autoikaskuntzan beste hainbat ikasle, tartean C1 maila lortzen ari direnak.
Euskara eskolez gain, baditugu beste hiru egitasmo martxan:

KORRIKA

Korrikak Urolako eragile askorekin harremanak izateko aukera ematen digu, eta gure presentzia sendotzea dakar horrek. Elkarlan horrekin herriko euskaltzaleon sarea sendotzea lortu dugu, eta horrek ilusioz eta gogoz aurrera jarraitzeko indarra ematen digu. Eta nola ez, 21. Korrika ere, ikasturte honetan, mundiala izango da.

MINTZALAGUN

Egitasmo hau 2010-2011ko ikasturtean jarri genuen abian. Astean behin 4-5 laguneko taldeak elkartu, eta euskaraz hitz egiten ordubete pasatzen dute, euskaraz bizi nahi dutenei horretan lagunduz eta euskaldunen arteko sarea zabalduz eta indartuz. 2018-2019ko ikasturtean 34 lagunek dihardute horretan, 12 bidelagunek eta 22 bidelarik. Aurten beste 8 lagun batuko zaizkio egitasmoari.

MUNDUKOLOREAK

Egitasmo hau martxan zegoen Azkoitira etorri ginenerako; izan ere, 2005eko apirilean abiatu zen, herriko ikastetxeen eskaera zela medio. Hasiera hartan Etorkinak eskolan izena zuen, eta, urteetan egindako lana eta hausnarketak tarteko, Mundukoloreak izena du orain.

Bertan, haur eta gazte etorkinei (6-16 urte bitartekoei) azkoitiartzen laguntzeko euskara eskolak ematen ditugu, eta Ahobizi eta Belarriprest berriak sortzen ari gara euskararen etorkizuna bermatzeko.

Animatu eta batu gurekin, Euskaraldira, Korrikara, Mintzalagunera...

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide