Lurdes Alboniga: 'Hitz egiteko orduan, Mintzalagun taldean sentitzen naiz erosoen'

Duela lau urtetik, Azkoitiko Mintzalagun egitasmoan bidelari da Lurdes Alboniga 64 urteko bilbotarra. Aspaldi hasi zen euskara ikasten, baina bizitzaren joan-etorriak tarteko, duela gutxira arte ezin izan dio ikaste prozesuari modu jarraian ekin. 27 urte daramatza Azkoitian bizitzen, eta 6 urte AEKn ikasle. “Oso eroso sentitzen naiz mintzalagunekin” dio.

 

Asteartero, arratsaldeko 19:00etan, Azkoitiko Zurt tabernan biltzen dira Alboniga eta bere mintzalagun taldeko gainerako kideak. Berez, ordubeteko bilkurak izan beharko lukete, “baina gu denbora gehiagoz egoten gara. Atzo bertan, 21:00 edo 21:30era arte izan ginen. Zinemaz, Mexikoz eta ez dakit zenbat gairi buruz hitz egin genuen. Denetarik!”. 

Mintzalagun talde gehiago badira Azkoitian, eta bakoitzak nahi duen moduan antolatzen du bere jarduna. "Nire lagun baten taldean, adibidez, mendira joaten dira noizean behin, edo museoren batera...”. Lau lagun dira Albonigaren taldean, eta mingaina patxada ederrean astintzea lehenesten dute.“Gustura egoten garelako horrela, hitz egiten. Beno, beharbada, zailtasunak dauzkagu bestelako planak egiteko. Kideetako batek alaba txikia dauka eta... halere, nahiko bagenu, egingo genuke”. Gainera, urte osoan badute bestelako jarduerez gozatzeko aukera, Azkoitiko Mintzalagun programak talde guztientzako hainbat ekintza antolatzen dituelako: txangoak, tailerrak...

Mintzalagun egitasmoan parte hartzeko ez zuen askorik behar izan Albonigak. Euskaltegikoek proposatu eta “beno, nik beti baietz!”. Esperientzia ona dela dio: “Hitz egiteko orduan, Mintzalagun taldean senti­tzen naiz erosoen”. Solte jarduten dira solasean. Akatsak egin arren, “elkarri ulertzen diogu”. Azkoitia herri euskalduna da, baina Albonigak aitortu duenez, “hemengo jendeari ulertzea kosta egiten zait.

Bertokoek eta euskaldun zaharrek pentsatzen dute testuinguru euskaldun batean biziz gero, erraza dela ikastea, aise ulertu behar dugula esaten digutena. Baina ez da hala. Ez dakit nola esan... Ez da zaila, baina erraza ere ez. Niri lasaiago eta polikiago hitz egin behar zait. Gainera, zenbaitetan, nahiz eta ni euskaraz hizketan hasi, gaztelaniaz jarraitzen dute nirekin hizketan ari direnek, orain dela gutxi arte gaztelaniaz hitz egin izan dugulako”. Hitanoa ere asko erabiltzen dute azkoitiarrek, “eta hori harrapatzea ere oso zaila da”. Halere, ezinezkorik ez du ikusten Albonigak. “Pazientzia eta ohitura kontua da. Igual euskaldun zaharrek ulerkorragoak izan beharko lukete. Baina pixkanaka-pixkanaka...”. Albonigak arazorik ez du, behintzat: “Zerbait ulertzen ez dudanean, ez zait inporta 'Ez dizut ulertu' esatea. Ni jada zaharra naizelako, baina agian beste pertsona batzuei, edo lotsatiagoak direnei, kosta egiten zaie hori esatea”.

Hizketan trebatzeko, lotsa galtzea eta gogoa izatea ezinbestekotzat jotzen ditu Albonigak. Horiek eta mintzatzea. “Bestelako misteriorik ez dago askatzeko eta erraztasun gehiagoz hitz egiteko. Nahiz eta gaizki egin, hitz egin eta kito!”. Mintzalagun denetik bere hizketa hobetu duela nabari du. “Hori bera esaten didate mintzalagunek: asko aurreratu dudala. Azpeitiko euskaltegian ibili nintzenean (Azkoitiko AEKn ibili aurretik, Azpeitira joaten zen), gramatika asko ikasi genuen. Oso irakasle ona genuen. Baina ez nintzen ausartzen hitz egiten. Gutxiago egiten genuen”. Orain, ordea, asko aurreratu du alor horretan.

Hala, Lurdesen esanetan, mintzalaguna izatea “oso lagungarria” da. “Orain gu biok ari garen moduan, solasaldi normalak izaten ditugu. Noizean behin, bidegilagunak zuzenketaren bat edo beste egiten digu; beste batzuetan, aldiz, ez. Hizketaldia gehiegitan moztuko baligu, agian ez litzateke ona izango.

Garrantzitsuena komunikazioa da”. Alboniga “eroso” sentitzen da min­tzalagunekin, lagun giroan. Gauza asko eman dizkio egitasmoan parte hartzeak: “Hitz egiteko aukera, hizketan erraztasuna hartzea, jendea ezagutzea eta lagunak egitea...”. Horrenbestez, etorkizunean ere min­tzakide izateko asmoa du: “Oraindik badut zer ikasi, beraz, bai, jarraituko dut”.

Jarraitu irakurtzen.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide