Beti astelehenerako

Erabiltzailearen aurpegia Ainhize Azpiazu Altuna 2020ko urr. 29a, 08:00

Ainhize Azpiazuk urriko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako osasun iritzi artikulua: 'Beti astelehenerako'.

Pandemia egoerak itsu-itsuan harrapatu gaitu, eta hizketaldi guztien oinarri bihurtu zaigu. Hain garrantzitsuak diren segurtasun neurriak eta birusa ahoz aho dabilen bitartean, bada gai bat oso airean dabilena, ezkutaketa jolasean. Egoera larri honetan, osasunarekin eskutik lotuta joan beharko lukeena, inoiz baino estuago. Hor dago, eta noizean behin ohartzen gara, baina astelehen goizetan gogor jotzen duen iratzargailuak bezala, posponer eta hor konpon. Gero gerokoak.

"Astelehenin pasierara/ginaixoa/igerire jungo algattun/k?"

"Ufff, hau den hau astebukaerie eman di(n)auna, astelehenien limpia!"

Ziur nago horrelako esaldiren bat entzungo zenuela edo zeuk esango duzula. Ba begira, sekretutxo bat: ondo elikatzen hasteko, kiroldegian izena emateko edo goizak pasieratxo aktibo batekin hasteko, ez du datorren asteko astelehena izan beharrik. Gorputzak ez baitu astelehenez edo ostiralez ulertzen. Ez egunez, ezta asteburua denez egiten dugun desfaseaz, edo "larunbatekoa garbitzeko" astelehen goizetako "zuku detox" horretaz. Kakotx gehiegi, agian. Detox hitza beti kakotx artean hobe, baina horrek beste artikulu baterako ere ematen dit. Gorputzak jasotzen dituen estimuluak bakarrik ulertzen ditu, sartzen diogun gasolinaz hain zuzen ere. Eta berdin dio gasolina hori asteburuan sartu edota astelehenean. Gasolina horren kalitatea eta kantitatea izango dira gure etorkizuna erabakiko dutenak.

Ebidentzia zientifikoek dioten moduan, heriotza-tasa sahiesteko garrantzitsuena, ingurune osasuntsu eta ongizate aberats batean, bizitza osasuntsu bat ematean datza. Bizitza estilo osasuntsuaz hitz egiten dugunean, gutxienez, hiru faktorez jardun ohi dugu: ariketa fisikoa, elikadura eta ongizate mentala; egiten duguna, jaten duguna eta pentsatzen duguna. Imajinatu, hiru faktore hauek mahai baten hankak direla. Hiru hanketako bat motzegi gelditzen bada, mahaia oker gelditzen da; beraz, hanka horien artean oreka bilatzea da gakoa, mahaia tinko eta zuzen mantendu ahal izateko.

Gure egunerokotasunean bizitza estilo osasuntsua mantendu ezean, gaixotzeko arriskuak arras hazten dira. Oraingo honetan, gainera, bonus point bat dugu: hiru hilabetean, gehienbat eta orokorki, sedentarismoan eta elikadura ez osasuntsuan oinarritu den konfinamendu batetik gatoz. Orain, inoiz baino garrantzitsuagoa da lehen genituen ohitura osasuntsuak berreskuratzea eta, horiek erronkatzat hartuz, hobetzen saiatzea. Gure bizi estiloaren agintea eskuetan hartu eta erabakiak praktikara eramateko ordua da; mahaiaren hiru hankak orekatzeko ordua, alegia.

Hala ere, utopiak utopia eta kontraesanak kontraesan. Sare sozialetako bizitza perfektuak eta gorputz esteriotipatu idealizatuak bezala, honek ere badu bere utopia perfektu horren alde toxikoa. Askotan, ezinezkoa zaigu mahai horren oreka perfektua bilatzea, gizarte kaos eta presiodun baten barruan bizi garelako. Garrantzitsuena, ordea, mahai horren jabe gu geu izatea da, eta, gure esku sentitzea, hiru hanka horiek geuk nahi dugun orekan edo desorekan aurkitzen direla. Ez dago beti %100ean egon beharrik, batzuetan perfektua da %60ean gaudela onartzea; beti, baina, geu izanik ehuneko horren jabe.

Har ezazu minutu bat eta erreparatu zure mahai horri. Hankaren bat orekatzea nahiko zenuke? Ez itxaron asteleheneko reset magikoa. Ez dago magiarik. Agian, ezta astelehenik ere. Ezin jakin.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide