Aitor Zubizarreta: harreraren lezioa

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Arruti Rezabal 2018ko api. 4a, 20:10

Irakasle hasi berri iritsi nintzen Bergarako Ipintza ikastetxe publikora lanera. Hango irakasle gelan, ni baino zaharxeagoa zen irakasle azkoitiar bat aurkeztu zitzaidan, euskarako Aitor. Hark erakutsi zizkidan institutuko jendea eta zokoak, baita kafe orduan hain maitea izan genuen taberna ere.

Harrez geroztik, Aitorren lezioari jarraituta, beste hainbeste egin nuen etorriberriak ziren hainbatekin. Leku berrian begirada atsegin bat topatzea estimatu egiten da, eta begirada hori luzatzen duena zu zeu zarenean ere jendearen alderdirik onena ezagutu ohi duzu.

Aspaldi honetan oso gutxitan agurtu izan diagu elkar, Aitor, eta hil berri haizen honetan, poz ematen zidak jakiteak aurrerantzean ere abegi ona egiteak egoki bidera dezakeela etorkizuna: pertsonak garen bitartean, hik ereindako haziak izango dizkik emaitzak gerora ere.

Eskerrik asko, Aitor Zubizarreta Artetxe.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide