Euskaraldia I

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Arruti Rezabal 2018ko mar. 5a, 18:15

Astigarragan gaude autobusaren zain, sagardotegi-denboraldiko zapatu gauean, bazkalaurrean eta bazkalostean bapo ibilita. J. eta biok berriketan ari garela, bospasei elgoibartar iritsi dira geltokira, espainieraz mintzo. Haiekin hizketan hasi da J., euskaraz, hika. Berehala, haietako bat burla-tonuan hasi zaio J.ri, euskaldunari espainolak Kixoteren garaietatik gutxienez egin izan dion moduan.

Sutu egin naiz. Guri horrela ez hitz egiteko esan diot inozoari, eta, parranda-giroko oldar baldarrez, jakinarazi diot hark bezain ondo badakigula espainolez eta ingelesez behintzat, baina guk geurean egiten dugula hitz. Geure hizkuntzan, hari dagokion lurrean, bai, une bakoitzean komeni zaigun doinu eta neurrian. Berak jarrai dezakeela nahi badu euskaldun ustezkoa izaten, Espainian espainolen hizkuntzan hitz egitearen poxean, baina guri bakean uzteko bota diot haserre.

Orduan atera zaizkigu hizpidera Txomin del Regato, Vaya Semanita, 8 apellidos vascos eta enparauak: horiek erakusten digute geure burua hurkoarentzako barregarri jartzen zenbateraino itsutzen garen. Horiekin, Espainiatik esaten digute geure buruari barre egiten badakigula, eta guk sinetsi. Horretan ere, barre eta algara egiten dute gure kontura. Eta gu, pozik Espainian jatortzat hartzen gaituztelakoan.

Aurtengo urtean Euskaraldia jarriko da abian. Hori eta gehiagoren premia ederra dago, nola eta sugarra ez den amaitzen su-festa politen bolbora emendatzearekin batera.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide