Koldo Zuazoren hitzaldia gaur: Euskalkien sorlekuak eta Azkoitiko euskara

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Arruti Rezabal 2016ko mai. 26a, 06:02
Argazkia: Oihaneder.

Koldo Zuazo hizkuntzalariaren hitzaldia izango dugu gaur Maxixatzenen Maiatzeko Lorak egitasmoaren baitan. EHUko Dialektologia eta Soziolinguistikako irakaslea, euskaltzain urgazlea eta euskalkien ikertzaile nekaezina izanik, eibartarraren argudioek hankaz gora jarri izan dituzte euskarari buruz aldez aurretik zeuden teoriak.

Hori guztia gogoan hartuta, lau alor jorratu ditugu berarekin hizketan:

 

Euskalkiak ez dira uste izan den bezain aspaldikoak. Noiz eta non koka daiteke euskalkien sorrera?

Badirudi Erdi Aroan sortutakoak direla eta, badirudi, Nafarroako Erresuma desegiteak izan zuela hizkuntza zatitzean ere zerikusia. Beste gertakari bat ere argi dago: lehenengo aldendu ziren euskalkiak mendebalekoa eta ekialdekoa izan zirela. Mendebalean Araba, Bizkaia eta Deba ibarra sartzen dira; ekialdean Zuberoa, Erronkari eta Zaraitzu.

Euskalkien sorleku batzuk argi ikusten dira zein diren: Iruña, Gasteiz, Gipuzkoako Beterri eskualdea (Donostia-Hernani-Andoain-Tolosa ardatza) eta Bizkaiko erdigunea (Durango-Zornotza-Gernika-Bermeo ardatza).

Nola garatu ziren euskalkiak oro har?

Oraindik gutxi dakigu horren gainean. Badirudi erromatarrak etorri ziren garaian eta ondorengo mendeetan euskaldunen arteko batasuna estutu egin zela eta horrek hizkuntzaren batasuna ekarri zuela. Beharbada batasun horrek bere horretan segitu zuen nafar erresuma indartsua izan zen garaian. Hura desegin zenean, Ipar Euskal Herria Frantziara begira jarri zen; Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa, Gaztelara begira; eta Nafarroa bakartuta geratu zela ematen du. Ondorengo mendeetan ez zen indar bateratzaile sendorik izan eta euskalkiak bata bestearengandik aldenduz eta urrunduz joan zirela ematen du.

Non kokatuko zenuke Azkoitiko euskara euskalkien munduan?

Azkoitiko euskara giputza da gehienbat, baina baditu mendebaleko ezaugarriak, ziurrenera Gasteiz hiri handia zenean hara heldu zirenak. Horretaz gainera, Elgoibar, Eibar, Soraluze eta Bergara aspalditik izan dira herri haziak eta industriagune esanguratsuak eta haietara begira ere egon da Azkoitia. Horixe da, labur esanda, Azkoitiko euskarak erakusten duena.

Nola antolatuko duzu hitzaldiaren garapena?

Bertsolarien eskolakoa naiz eta zelan amaitu pentsatzen dut beti. Euskal Herri osoko gauzak esan eta gero, Azkoitiko euskararen gainean jardungo dut. Ez nago herri horretako euskaran oso jantzia eta dakidan apurra kontatuko dut. Baina bada gauza bat segurua: ez dudala inor aspertu nahi. Esan beharrekoak ordu betean esango ditut. Gero galderak eta eztabaida, eta, osteguna denez, kalean jarraituko dugu.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide