Adar jotze dinamikoa Inauterietan

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Arruti Rezabal 2016ko ots. 2a, 15:39

Ilargi egutegiak ederki jo dio adarra eguzki egutegiari; dinamikoa gainean jarri zaio estatikoari: Inauteriak eta Santa Ageda eskea batera aurten.

Hala dio eskeko koplak: Hilaren 2an Kandelariyo, bostian Santa Ageda, usariyua ez galtzearren atera gera eskera. Eta otsailaren seian, ostiralez, Inauteriak aurten gurean. Lurra esnatzeko eskeko makilak utzi, eta mozorroekin zomorroak uxatzera, beste norbaiten azalean sartuta.

Inauteriak disfrazatzeko garaia dira; baita egunero gehienok jantzi ohi dugun mozorroa eranzteko beta ere.

Bat baino gehiago berez kalamidade galanta izan, eta zintzo plantan mozorrotuta ibiltzen da urte osoan, maskara jantzita.

Gixon-plantako hau, hura eta beste bere alderdi femeninoa disfrazatu ezinik ibiltzen da hamabi hilabetez.

Jende mordoak 365 egunez euskaraz bizi nahi duela esaten du, eta Diario Vasco erosten du egunero 365 egunez, euskara ezabatzeko plan espainiarrari dirua emanez, indartsuenaren esanera.

Orain du aukera bakoitzak nahi duena janzteko: kalamidadeek benetako aurpegia agerrarazteko, ar itxurako emeek emakumez janzteko eta hedabide euskarazidak kontsumitzen dituzten euskaltzaleek tokiko hedabideetan harpidetza egiteko; Maxixatzenen, esate baterako.

Hartara, aurrerantzean geure buruari harrika egiteko usariyua galtzen hasiko ginateke, izaera estatikoa alde batera uzten eta dinamikoa hobesten, bide batez. Kontu jakina da; malguak zurrunak baino hobeto irauten du.

 

 

Aitor Arruti Rezabal

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide