Zaindu dezagun (bakoitzak berea)

Aintzane Agirrebeñak apirileko Maxixatzen aldizkarirako egindako iritzi artikulua: 'Zaindu dezagun (bakoitzak berea)'. Irakurri:

“Zu espainolez solasten zara”, esaten zidan ikaskide nafar batek. Ez zen hala. Nik euskaraz egiten nion, baina, antza denez, bentania moduko hitzek min ematen zioten belarrian. Ez, ordea, berak erabiltzen zituen portzikaso edo paratu berbek. Noski, ohituta zegoen horiek entzuten. Azkoitira etorri nintzenean ere behin baino gehiagotan entzun behar izan nituen nire erdarakaden inguruko kritikak. Mediak esan beharrean galtzetak esaten ei da euskara jatorrean (hitz horrek gaztelaniazko calceta-rekin duen antza kasualitate hutsa ote da?). Kritikatu izan dizkidaten berba asko aipa nitzake, baina ez da hori kontua. Kontua da, zoritxarrez, askotan defendatu behar izan dudala nire euskara. Garai bateko kontua zela uste nuen, jadanik gainditua genuela, baina ez. Oraindik ere entzun egin behar! Izan ere, Eibarko euskara baino txarragorik! Hala diote askok, baina azalari bakarrik begiratzen diote, hitz soil batzuei. Ez naiz harritzen gure eskualdeko askok euren euskara galdu izana, konplexuagatik. Zeure burua defendatzeko prest ez bazaude… zas! Eta, halakoetan, tamalez, garaile ateratzen dena egoera hori eragiten duena da: gaztelania.

Argi dago gurea bezalako egoeran dagoen hizkuntza batentzat ez dela erraza “garbi” eustea. Egoera ez-normalizatu batean eta gaztelania bezalako hizkuntza handi batekin kontaktuan egonda, ez da harritzekoa hizkuntza horretako mailegu asko hartzea gurean. Nire euskararen defentsan jardun izan dudanetan, beti erabili izan dut argudio moduan denok darabiltzagula erdarakadak, eta ez dagoela besteen akatsak nabarmendu beharrik. Eta hala da. Euskalki eta hizkera guztietan aurki daitezke gaztelaniatik mailegatutako hitzak. Ea, zeintzuk bururatu zaizkizue?

Batzuetan gaztelaniazko esaldi osoak ere tartekatzen ditugu. Baita egiturak kalkatu ere. Hori arriskutsuagoa izaten da, euskainolera hurbiltzen garelako. Beste batzuetan hizkuntzaren beraren barnean sortzen dira egitura okerrak. Adibide moduan, ezaguna da aspalditxotik Deba eskualdean zabaltzen ari den leikedot, leikedozu… egitura. Bide batez, esango nuke Azkoitira ere iritsi ote den forma honen aldaera: leikedeu. Beste egitura oker bat ere somatu dut azkenaldian Azkoitiko euskaran: eduki eta ukan-en adizkiak nahastuz sortzen diren forma pleonastikoak: naukenian (nauken + nian), zaukezenun… forma errepikatuak.

Nire iritziz, bi kontu hauek bereizten ikasi beharko genuke: 1) beste euskalki edo hizkera batzuetan desberdin erabiltzen diren berba edo egiturak, baina ez direnak okerrak eta 2) ondo erabilita ez daudenak, zuzentzea komeniko litzatekeenak. Ohikoa izaten da etxean, seme-alabei normalean, halako egitura okerrak zuzentzea (ez dut ukatuko, neuk ere hala jarduten dut!). Hala ere, halako formak zabaltzen hasten direnean, zaila izaten da geldiaraztea, eta konturatu orduko “mundu guztiak” darabiltza ahotan. Baina horrelakoa omen da hizkuntzen legea. Hizkuntzak, bizirik badaude, etengabe aldatzen dira. Guk euskara bizirik nahi dugu; beraz, aldaketak onartu beharko!

Hausnartu dezagun bakoitzak bere/gure hizkeraren inguruan, aldamenekoak bakean lagata. Zaindu dezagun bakoitzak berea, denon artean euskarari berari indarra emateko. Eta zalantzarik badugu besteek darabilten egitura zuzena edo okerra ote den, hobe isilik geratzea. Izan ere, besteen euskara kritikatuz, lor dezakegun ondorioa beste pertsona horrek bere hizkuntzarekiko zalantzak izatea besterik ez da. Horrelaxe galdu zuten euren euskara jatorra nire eskualdeko herritar askok, euren euskara txarra zelakoan. Ez dadila berriz halakorik gertatu!

Apirileko Maxixatzen aldizkarirako egindako iritzi artikulua.

Guka da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Gukako bazkide