Pilotari izateko ametsa(k)

Erabiltzailearen aurpegia

Txikitatik gustatu izan zait pilota. Eta zortea izan dut. Bai. Zorte handia. Etxean bertan nuen pilotalekua. Nire aita ikastolako atezaina zenez, bertan bizi ginen. Ikastolan. Eta ikastolak bazuen frontoia ere, noski. 

Anaia nagusiak palaz aritzen ziren, eta ni haien urratsei segika, neska koskorretatik. Askotan bakarrik. Pala hartu eta tiki-taka, pilota jo eta jo. Anaia herri mailako txapelketa txikietan parte hartzen hasi zen, eta ez nuen partida bakar bat galtzen. Gustura egoten nintzen haiei begira. Egunen batean nik ere halaxe jokatuko nuela amestuz. Umea nintzen artean, eta ez nintzen ohartzen neskok ez dugula mutilek beste aukera, ez behintzat kirolean, beste arlo askotan gertatzen den antzera.

Baina nagusitu nintzen. Eta zortea izan nuen berriz ere. Bai. Zorte handia. Bizi naizen herri honetan Emakumea pilotari izeneko proiektu bat martxan zegoela jakin nuen. Emakumeen kirola bultzatzeko. Emakumeoi ere palaz jokatzeko aukera emateko. Eta bertan hasi nintzen duela 5-6 urte. Ilusioz. Pilotan jokatuz gozatzeaz gain, asko ikasi dut urte hauetan Pilota Federakuntzak jarritako irakasleei esker. Eta eurei esker (eta Ihintzaren laguntzaz!) lortu nuen neska koskorretan amestutako hura: Emakumea Pilotari herriarteko txapelketan jokatu eta irabaztea. Bizkarrean Azkoitia izena eraman genuen. Eta harro, gainera. Herri honek eman baitit txapel hori eskuratzeko aukera.

Baina azken hilabeteotan zeharo nahigabeturik ibili naiz. Nahigabea, tristura eta haserrea. Bai. Haserrea ere bai. Azkoitiak pilotarien sehaska izatearen fama izan du urte luzez. Eta oraindik ere hala uste du askok. Bueno, azkoitiarrak ez direnek, jakina. Izan ere, azkoitiarrak aspalditik jabetuta daude hutsune bat badela pilotari dagokionez. Herriko Pilota Kluba infantil mailatik hasten omen da. Eta aurretik zer? Gurasoen eskaera bazela ikusita, hutsune hori bete nahian sortu dute proiektu berri bat mutil gazte batzuek. Euren kasa. Inoren laguntzarik gabe. Oztopoz beteta, gainera. Ikusi besterik ez dago noiz hasi duten ikasturtea: abenduaren 12an. Eta behar-beharrezkoa zen proiektu horrek bazter guztiak zipriztindu ditu, Udala ez delako gai izan gauzak behar bezala (eta behar diren garaian) antolatzeko.

Guk irailean jakin genuen proiektu horren berri, gure astelehenetako saioa arriskuan zegoela esan zigutenean. Hori dela eta, Federaziora jo genuen eta haiek Udaleko teknikariarengana, eta lasai egoteko esan ziguten, ez zegoela inongo arazorik. Baina arazoak iritsi ziren: ordu aldaketa, denbora murriztea… Ikastaro berria txertatzeko, hasieratik ganorazko planifikazio bat egin beharrean, erabakiak arinki hartu zirela iruditzen zait. Eta, gainera, ez inoren mesedetan. Denok hankamotz utzita. Umeentzako ikastaro berriak lau ordu eskaintzen zituen, baina Udalak hasiera batean frontoi munizipala 3 orduz erabiltzeko baimena eman zien. Eta falta den ordua, non? Ba, kanpoko frontoietan, baldintza txarretan. Beraiek hala eskatu omen zuten. Hori esan zigun udal teknikariak, bere burua zuritzeko. Eta gauza gehiago ere bai. Irailean ez omen zuen ikusi ezer planifikatzeko beharrik, ez omen zekielako proiektua aurrera aterako zen ala ez. Guk gure desadostasuna agertu genion. Ez dakit besteek nola jokatu duten. Izan ere, ez ote da egokiagoa gauzak hasieratik elkartuta, hitz eginda eta adostuta konpontzea? Azken egunotan frontoiko orduen antolaketan aldaketak egin dira. Batzuk aurreratu, besteak atzeratu, batzuk kendu, besteak ipini… Baina badut esperantza azkenean nahaspila guztia konponduko dela.

Nik nire semeek nik izan ez nuen aukera izango zutela pentsatzen nuen. Nola ez, pilotarien sehaskan jaiota! Badirudi urte luzez ez dela egon sehaskari nork eragin. Eta haziak frutua emango badu, zaindu egin behar da. Ureztatu egin behar da. Sehaskari eragin egin behar zaio. Ea asmatzen dugun denon artean sehaskari eragiten!

Erlazionatutako edukiak: 

Azkoitiko Emakumea Pilotari: 'Emakumea (ere) pilotari'

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide