Gure gaztetxoak Euskadiko Txapelketan

Erabiltzailearen aurpegia Anaitasuna Kakute Xake Taldea 2024ko mar. 31a, 12:59

Datozen egunetan Euskadiko Txapelketak jokatuko dituzte hainbat kategoriatan, Eibarren eta Legazpin. Horrez gain, ekainaren 16an Azkoitia GXF-Sustapena txapelketa jokatuko dute Elkargunean, eta ekainaren 30ean, Azkoitia Hiria txapelketa.

Datorren apirilaren 3tik 6ra bitartean, jubenil, kadete eta promesa mailakoen Euskadiko Txapelketa jokatuko dute Eibarren, eta bertan lehiatuko dira Anaitasuna Kakute taldeko sei jokalari: Izaro Arriola eta Xuban Garate jubenilak, Lucia Valor kadetea eta promesa mailako Ane Arriola, Mikel Arriola eta Ixone Jurado. Guztiak ere ilusio handiarekin joango dira Eibarrera, euskal jokalari promesa onenak bertan bilduko direla jakitun.

Bestalde, absolutuen mailako Euskadiko Txapelketa jokatuko dute Legazpin, eta jokalari tituludunak eta nazioarteko rankingean daudenak lehiatuko dira han. Santikutz klubak antolatuta eta Alberdi Vesga buru dela, Anaitasuna Kakute xake taldeko presidente Jose Luis Fernandez izendatu dute bosgarren txandan ohorezko sakea ateratzeko. Ostiralean izango da hori, 17:00etan, eta modu horretara, taldeak historikoki egin duen antolaketa lana aitortuko dute, baita bi kluben arteko harreman ona azpimarratu ere.

Horrez gain, Azkoitiko klubeko zuzendaritza berritze prozesuan murgilduta dago, eta jakinarazi du ekainaren 16an Azkoitia GXF-Sustapena txapelketa jokatuko dutela Elkargunean, honako kategoria hauetan: 20 urtez azpikoen maila, 14 urtez azpikoen maila eta 12 urtez azpikoen maila. Gainera, ekainaren 30ean Azkoitia Hiria txapelketaren 42. edizioa jokatuko dute, aldaketa batzuekin baina beti ere parte hartzea sustatuz. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide