Xakearen eskolarteko festa Azkoitian

Erabiltzailearen aurpegia Anaitasuna Kakute Xake Taldea 2024ko ots. 27a, 12:35
Gipuzkoako eskolarteko txapelketaren Azkoitiko zonaldeko saioan parte hartu zutenak. (Anaitasuna Kakute xake taldea)

Gipuzkoako eskolarteko txapelketaren Azkoitiko zonaldeko saioa jokatu zuten joan zen igandean 30 bat gaztetxok Azkoitian, eta giro aparta nagusitu zen.

Gipuzkoako eskolarteko txapelketaren Azkoitiko zonaldeko saioa jokatu zuten joan zen igandean 30 bat gaztetxok Azkoitian, irakasleen eta gurasoen aurrean. Giroa benetan aparta izan zen, eta ikasleek erakutsi zuten asko eta ondo ikasi dutela, eta soilik xakean, baita edukazio kontuetan ere.

Azkoitiko klubak oinarrizko arauak azaldu zizkien ikasleek, eta broma eta barre artean, hasierako urduritasunak uxatu zituzten xake jokalariek. Modu horretara hasi zen zonaldeko txapelketa, eta kategoria bakoitzean bost txanda jokatzeari ekin zieten. Infantiletan, Ane Arriola azkoitiarra nagusitu zen lau punturekin; alebinetan, Jon Arregi oñatiarra, bost punturekin; eta benjaminetan Ekain Aldalur azkoitiarrak irabazi zuen, puntu guztiak bereganatuta. Horrez gain, azpimarratzekoa da Cruz Fernandez eta Izaro Arriola arbitroek zein klubak egindako lana txapelketa egoki bideratzeagatik; izan ere, helmuga garrantzitsuagoetarako aurretiazko pausoa da zonaldeko txapelketa; maiatzaren 4an Donostian jokatuko dituzten finaletarako, kasu.

Bestalde, Gipuzkoako Ligako seigarren txanda jokatu zuten taldeek larunbatean, eta preferenteen taldea 2,5-1,5 nagusitu zitzaion Elgoibarko Danobat taldeari. Txanda baten faltan, igoera (aurreneko lau taldeak) zein jaitsiera postuetarako (azken lau taldeak) play-off-en sailkapena inoiz baino estuago dago: Anaitasuna Kakute taldeak ondo baino hobeto lotu beharko du azken jardunaldia, sailkapeneko laugarren postuan izanda ere, ezusteko handiak egon daitezkeelako. Goraipatzekoa da Jose Luis Larrañagaren garaipena, azkoitiarrak Karpov aurkaria ito baitzuen jokoan, xakelariak barruan daraman maila azaleratuz.

Hirugarren mailan, Azkoitiko taldeak bina berdindu zuen Bergararen aurka; Alex Alzasek eta Lucia Valorrek irabazi egin zuten, eta Izaro Arriolak zein Xuban Garatek, galdu. Taldea sailkapeneko hamargarren postura igo da, eta aste honetan Donostian jokatuko du Gros C taldearen aurka.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide