Garaipena Preferente Mailan, porrota hirugarrenean

Erabiltzailearen aurpegia Anaitasuna Kakute Xake Taldea 2024ko ots. 19a, 11:02
Anibal Fernandez eta Jose Luis LarraƱaga, larunbateko partidetan. (Anaitasuna Kakute)

Asteburuan Gipuzkoako ligako bosgarren kanporaketako partidak jokatu dituzte Azkoitian. Preferente Mailan, 3,5-0,5 irabazi zioten Anaitasuna Kakuteko jokalariek Legazpiko Santikutz taldeari. Aldiz, azkoitiarrek ezin izan zuten Andoaingo Agustin de Leiza taldea garaitu eta 0-4 galdu zuten.

Joan den larunbatean Xakeko Gipuzkoako Taldekako Txapelketako bosgarren kanporaketako partidak jokatu zituzten Azkoitian. Preferente Mailan 3,5-0,5 irabazi zioten azkoitiarrek Legazpiko Santikutz taldeko jokalariei. Partida onak jokatu zituzten Azkoitiko taldeko Anibal Fernandezek, Jose Luis Larrañagak eta Juan Carlos Valor jokalariek. Taldea bosgarren postuan kokatu da, zortzi puntu eskuratuta. Asteburu honetan, Elgoibarko Zubi Ondo taldea izango dute aurkari etxean. Talde elgoibartarra hirugarren postuan dago, hamabi punturekin, eta Anaitasuna Kakuteko jokalariek fin ibili beharko dute igoerako play-offean sartu ahal izateko.

Aldiz, Hirugarren Mailan 0-4 galdu zuten Anaitasuna Kakuteko jokalariek Andoaingo Agustin de Leiza taldearen aurka. Juan Cruz Fernandezek ez zuen asmatu eta andoaindarrak gailendu zitzaizkion. Bien bitartean, Joel Pineda, Ane Arriola eta Mikel Arriola jokalari berriek gogotsu eta urduri jokatu zuten hasieran, baina egoerari aurre egiten jakin zuten. Ane Arriolaren borrokarako gaitasuna kontuan hartu nahiko luke talde azkoitiarrak, partida galduta izanda ere, aukera txiki guztiak baliatu baitzituen egoerari buelta ematen saiatzeko. Azkoitiko taldea azken sailkatua da 6,5 punturekin. Asteburu honetan ere etxean jokatuko dute, 15,5 punturekin bigarren postuan dagoen Bergarako xake taldearen aurka.

Igandean, partida gehiago

Larunbatean bakarrik ez, igandean ere xake partidak jokatuko dituzte Azkoitiko Kultur Etxean. Gipuzkoako eskolarteko partidak jokatuko dituzte Infantil, Alebin eta Benjamin mailetan. Azkoitiarrak ikasitakoa praktikan  jartzeko gogoz daude, eta maiatzaren 4an Donostian jokatuko diren Gipuzkoako finaletara sailkatzeko lehian izango dira. Bertakoez gain, Eibarko, Debako eta Legazpiko jokalariak ere izango dira lehian. Jokaldi bakoitzeko 10+5 minutuko partidak jokatuko dituzte.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide