Anaitasuna Kakuteko xake jokalariek Gipuzkoako ligako bigarren partidak jokatu dituzte asteburuan

Erabiltzailearen aurpegia Anaitasuna Kakute Xake Taldea 2024ko urt. 22a, 11:08
Preferente Mailako partidetako bat, Beasainen. (Anaitasuna Kakute)

Preferente Mailako taldeak 4 eta 0 galdu zuen Beasaingo taldearen aurka; aldiz, Hirugarren Mailako taldeak 0 eta 4 garaitu zuen Villabonako taldea.

Anaitasuna Kakute xake taldeak Xakeko Gipuzkoako Taldekako Ligako bigarren txandako partidak jokatu ditu asteburuan. Preferente Mailako jokalariek 4 eta 0 galdu zuten Beasainen; Hirugarren Mailakoek, aldiz, 0 eta 4 irabazi zioten Villabonako taldeari.

Preferente Mailan, Anibal Fernandezek, Xabi Ruizek, Ion Kuendek eta Xuban Garatek ezin izan zuten punturik eskuratu Beasaingo Sociedad Alfil taldearen aurka jokatutako partidetan. 4 eta 0 galdu zuten azkoitiarrek. Anaitasuna Kakute taldeak bereziki Xuban Garate goraipatu nahi izan du, hasi berria izanik, "maila oso altuan" egin duelako bere debuta, porrota gorabehera.

Preferente Mailako taldea azken sailkatua da sailkapen orokorrean, eta datorren asteburuan garaipena lortzea espero du Azkoitiko Kultur Etxean 16:00etan Zarautzen aurka jokatuko dituen partidetan.

Aldiz, Hirugarren Mailako taldeak 0 eta 4 irabazi zion Villabonari. Lucia Valek, Juan Carlos Valek, Alejandro Algasek eta Denis Valek "ezin hobeto" jokatu zituzten beren partidak, guztietan garaipena lortuz. Emaitza horren ondorioz, hirugarren postuan kokatu dira sei punturekin, eta datorren asteburuan Andoaingo taldearen aurka jokatuko dute.

Anaitasuna Kakute xake taldeko zuzendaritzak honako hau azpimarratu du: "Aurtengo emaitzak oso desberdinak izango dira, ideia nagusia federatu guztiei jokatzeko aukera eskaintzea baita. Berrienei ere aukerak eman behar dizkiegu. Lehenik eta behin taldea osatu eta zaletasuna indartu behar ditugu; gero iritsiko dira emaitzak".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide