David Lariñok San Andres txapelketan jokatuko du

Erabiltzailearen aurpegia Anaitasuna Kakute Xake Taldea 2023ko urr. 9a, 11:30

Abenduaren 3an, Elkargunean jokatuko dute XVIII. San Andres Txapelketa, eta Azkoitiko Anaitasuna Kakute xake taldeak David Lariño Maisu Handiaren parte hartzea izango duela ziurtatu du.

Abenduaren 3an Elkargunean jokatuko den XVIII. San Andres Txapelketarako bi hilabete baino gutxiago falta direnean, Azkoitiko Anaitasuna Kakute xake taldeak David Lariño Maisu Handiaren parte hartzea izango duela ziurtatu du, klubeko idazkari den Anibal Fernandezen kudeaketa lanei esker.

Lariño ezaguna da Azkoitiko klubean: 2017an San Andres txapelketaren 12. edizioa irabazi zuen, 2021ean klubean aldibereko hainbat partida jokatu zituen, eta urte berean, Gaztedi txapelketako sariak banatu zituen.

Lariño 1989an jaio zen Lugon (Galizia), eta 2013tik da Maisu Handia. Esan daiteke guztia irabazi duela, bere ibilbidean etengabe egin baitu aurrera: 1999an, 10 urtez azpiko Espainiako txapelduna izan zen; 2000. eta 2001. urteetan, 12 urtez azpiko Espainiako txapelduna; 2003an, 14 urtez azpikokoa, eta ondorengo bi urteetan 16 urtez azpikokoa. 2007an, bestalde, txapeldunordea izan zen xake azkarreko Espainiako txapelketan; 2008an izan zuen amaiera bikaina, absolutuen mailako Espainiako txapelketa irabazi zuenean. Jokorako duen indarrak eta eraso zuzenak bide eman dizkio garaipen handiak lortzeko, eta horrez gain, jokalari ugariren entrenatzailea ere bada.

Horregatik guztiagatik, Lariñoren tituluak, lorpenak, ospea eta nortasuna balio erantsiak izango dira San Andres txapelketarako. Urtez urte hazten ari da txapelketa, eta gaur-gaurkoz, %25eko parte hartzea bermatuta dago. Asko azkoitiarrak dira, eta horrek klubaren harrobia sustatuko du.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide