Lucia Valor: "Zure mugak ezagutzen ikasten duzu horrelako txapelketetan"

Erabiltzailearen aurpegia Anaitasuna Kakute Xake Taldea 2023ko ira. 8a, 11:33
Lucia Valor, partida bat jokatzen. (Anaitasuna Kakute)

Erkidegoetako selekzioen arteko eta Xake Standard eta Azkarreko Espainiako txapelketetan lehiatu da uda honetan Lucia Valor taldekidea, Albaceten eta Granadako Salobreñan, hurrenez hurren. Txapelketa horietan bizitakoak azaldu ditu azkoitiarrak.

Zer iruditu zaizkizu jokatu dituzun Espainiako txapelketak? Ondo moldatu al zara?

Bai, ondo joan dira, baina oso gogorra izan da, eta egutegia oso estua. Gainera, parte hartzaile batzuen maila oso ona zen.

Zer moduzko giroa aurkitu duzu txapelketa horietan?

Oso giro ona izan dugu, oro har. Salobreñan lehiakide asko ginen, 193. Asturiarrekin, kanariarrekin eta extremaduratarrekin izan nuen hartu-eman estuena; eta euskal herritarrekin, nola ez.

Arlo teknikora etorrita, nolako txapelketak izan dira?

Aipatu dudan bezala, lehiaketa bera oso gogorra da. Alde batetik, partidak 90 minutukoak dira, eta denbora horri jokaldi bakoitzeko 30 segundoak gehitu behar zaizkio; beraz, lau ordura arte luza daiteke lehia. Bestetik, egutegia oso gogorra da: goizean txanda bat, arratsaldean bestea, eta hurrengo goizean beste bat. Hau da, hiru txanda bi egunetan, eta horren ostean, berriro txandak kateatzera, guztira bederatzi txanda osatu arte. Nekea pilatzen da, eta nabaritzen da; emaitzak onak badira, eramanerrazagoa izaten da, baina bestela bada, neke sentsazioa areagotu egiten da, beste edozein kiroletan bezala.

Nola ikusi duzu zeure burua jokoari dagokionez?

Pieza zuriekin ez naiz oso ondo aritu. Beltzekin aukera gehiago izan nituen eta erosoago aritu nintzen. Dena den, ondo bideratuta neuzkan zenbait partida eskuetatik joan zaizkit bukaera aldera.

Esperientzia baliagarria izan al da? Gomendatzeko modukoa?

Bai. Esperientzia oso positiboa izan da niretzat. Finean, entrenamendu aldi gogor eta zorrotz baten parekoa izan dela esango nuke, eta espero dut egindako lana eta bizitako esperientzia antzemango direla etorkizunean nire jokoan. Zure mugak ezagutzen ikasten duzu horrelako txapelketetan, nekeari aurre egiten eta zeure onena ematen.

Nola entrenatu zinen Espainiako txapelketetarako?

Anaitasuna Kakuteko irakasleen laguntza oso garrantzitsua izan da, batik bat Anibal Fernandezena; nire jokoa hobetu du laguntza horrek. Klubaren babesleen laguntza ere eskertzekoa da, Azkoitiko Udalarena, Sidenorrena eta Danobatena; eta nola ez, klubaren bazkideena eta Anai Xake Eskolarena, bereziki komunikabideetan eta sare sozialen bidez erakutsitako babesagatik. Eskerrik asko.

Errepikatuko al zenuke Espainiako txapelketen esperientzia?

Oraintxe bertan, ez. Pott eginda nago. Badaude astebete gehiago eta maila gorenagoetan jokatzen jarraitzen duten jokalariak, baina gehiegizkoa zen hori niretzat.

Eskerrik asko, Lucia.

Zuei.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide