Lanak emaitzak ematen ditu

Erabiltzailearen aurpegia Anaitasuna Kakute Xake Taldea 2023ko uzt. 17a, 11:57
Dani Odriozola. (Utzitakoa)

Donostiako Gros xake klubeko Dani Odriozolak 12 urtez azpikoen Espainiako Txapelketa irabazi du partida azkarren kategorian. Ekainean, Odriozolak irabazi zuen Azkoitiko Sustapena txapelketa.

14 urtez azpikoen Espainiako Xake Txapelketaren atarian –Lucia Valor azkoitiarra parte hartzekoa da– Gipuzkoako xakearentzat egun garrantzitsua izan zen atzokoa. Dani Odriozola xakelari donostiarrak 12 urtez azpikoen Espainiako Txapelketa irabazi zuen Salobreñan (Espainia), partida azkarren kategorian. Gros xake klubeko kidea da Odriozola, eta lan ona eginda, sei garaipen eta hiru berdinketarekin, jantzi zuen txapela. Egindako lanaren emaitza izan zen hori, eta horregatik, nabarmendu nahi genuke haren begiraleen, familiakoen, klubaren eta federazioaren lana, eta baita Azkoitian egiten dugun Sustapena gisako ekitaldien garrantzia ere, ikasitakoak garatzeko aukera ematen dietelako xakelari gazteei. Hain zuzen ere, ekainean, Odriozolak irabazi zuen Azkoitiko txapelketa, eta haren garaipenak are balio handiagoa du kontuan izanda Euskadin gaztetxoak beste autonomia erkidegoetan baino geroago hasten direla lehiatzen. Horiek horrela, zorionak Odriozolari.

Bestalde, Azkoitiko klubarentzat hilabete mugitua izaten ari da oraingoa; izan ere, larunbatean Castell Ferro (Espainia) torneoa jokatzen izan zen Valor sendia, eta beste hainbat jokalarik Zarauzko txapelketan parte hartu zuten, eta baita emaitza onak eskuratu ere. Datorren astean, berrian, Amorebietan (Bizkaia) izango da Anaitasunako talde bat, eta Anibal Fernandez Villabonan (Gipuzkoa) izango da. Ruslan Ponomariov munduko txapeldun izandako maisu ukrainarrak 30 bat xakelari gipuzkoarren kontra jokatuko du aldi berean.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide