Anaitasuna Kakute xake taldea bederatzigarren, Elorrion

Erabiltzailearen aurpegia Anaitasuna Kakute Xake Taldea 2023ko uzt. 10a, 11:58
Juan Carlos Valor, Judith Goenaga eta Jose Joaquin LarraƱaga, Elorrion.

24 puntu batuta, bederatzigarren postuan sailkatu zen Anaitasuna Kakute xake taldea, Elorrion (Bizkaia). Abadiñoko (Bizkai) talde batek irabazi zuen txapelketa.

Anaitasuna Kakute xake taldeak XXI. San Balentin Berrio-Otxoa xake txapelketan parte hartu zuen joan den zapatuan, Elorrion (Bizkaia). Guztira, hamabost taldek lehiatu zuten txapelketa, eta azkenean, Abadiño taldeak irabazi zuen, 48,5 punturekin. Elorrioko Zaldi Baltza A taldea sailkatu zen bigarren 45,5 punturekin, eta Santurtzi hirugarren, 44 punturekin.

Anaitasuna Kakute Judith Goenagak, Lucia Valorrek, Jose Joaquin Larrañagak eta Juan Carlos Valorrek ordezkatu zuten, eta Azkoitiko taldea bederatzigarren sailkatu zen, 24 puntu batuta. Elorrioko txapelketa klasikoetako bat da Anaitasuna Kakuterentzat, ia urtero parte hartu baitu han. Era berean, Elorrioko taldeak ere Azkoitia Hiria xake txapelketan parte hartu ohi du. Hain justu, Egoitz Irure da Elorrioko xake taldeko kideetako bat; Anaitasuna Kakuten historia handiko ibilia egindakoa da hura.

Bestalde, Lucia Valorrek 14 urtez azpiko Espainiako Txapelketa prestatzeko baliatu zuen Elorrioko txapelketa; izan ere, hilaren 17an Salobreñan (Espainia) jokatuko du lehia. Datozen egunetan, prestaketa lanak biderkatu egingo ditu hark, txapelketara punturik onenean heltzeko asmoz.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide