Gipuzkoako Preferente mailan arituko da beste urte batez Anaitasuna Kakute xake taldea

Erabiltzailearen aurpegia Anaitasuna Kakute Xake Taldea 2023ko mar. 27a, 10:00
Juan Cruz Fernandez xake jokalaria, ezkerrean.

2 eta 2 berdindu zuen joan den zapatuan Anaitasuna Kakute xake taldeak Donostiako Tamarindo taldearen aurka. Beraun Bera taldeak bezala, azkoitiarrek ere hamazazpi puntu batu ditu jaitsierako play-off fasean. Hori horrela, mailari eustea lortu du Anaitasuna Kakutek.

Larunbatean amaitu zen Gipuzkoako Xake Federazioaren taldekako liga. Anaitasuna Kakute xake taldeak 2 eta 2 berdindu zuen Tamarindo taldearen aurka Donostian. Anibal Fernandezek galdu egin zuen, eta Jose Joaquin eta Imanol Larrañagak berdindu egin zuten. Juan Cruz Fernandezek, berriz, irabazi egun zuen.

Kontuak horrela, Beraun Bera taldearekin hamazazpina punturekin lehen postuan berdinduta amaitu du Anaitasuna Kakutek jaitsierako play-off fasea. Azkoitiko xake taldeak, beraz, Gipuzkoako Preferente mailan jarraituko du beste urte batez.

Klubeko zuzendaritzak jokalari guztiak zoriondu nahi izan ditu, denboraldiak aurrera egin ahala maila ere hobetu egin dutelako. Era berean, taldera batu diren kide berriak eta guztien artean sortu den giro ona azpimarratu ditu batzordeak. "Xakea sasoi onean da Azkoitian. Gazteak gogotsu datoz behetik, gurasoen babesa dute horiek, eta ikasturterako markatutako helburuak betetzen ari gara. Bazkideak txapelketak jokatzeko gogotsu daude. Zorionak".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide