Porrota, debuten egunean

Anaitasuna-Kakuteko xake jokalaria, atzo, Kultur Etxean.

Denis eta Lucia Valorrek lehen taldearekin egin zuten debuta atzo, larunbata. Gainera, Lucia da lehen taldearekin jokatu duen aurreneko emakumea. 0-4 galdu zuten azkoitiarren Beasaingo Alfil taldearen aurka.

Anaitasuna Kakute xake taldeak 0-4 galdu zuen atzo, larunbata, Beasaingo (Gipuzkoa) Alfil taldearen aurka. Gipuzkoako Xake Federazioaren Gipuzkoako Ligako bosgarren jardunaldiko lehia izan zuten azkoitiarrek Kultur Etxeko egoitzan, eta lau tauletan erori ziren taldekideak. Anibal Fernandezek azkar galdu zuen partida Lakunzaren aurka, eta minutu gutxira lortu zuen garaipena Beasaingo Martinek Denis Valorren aurka. Jokin Fernandezek ere gauza bera egin zuen Ion Kuenderekin, eta Mendiak ere Lucia Valor menderatu zuen.

Dena den, debuten eguna izan zen atzokoa Anaitasuna Kakuten; izan ere, Denis eta Lucia Valorrek lehen aldiz jokatu zuten lehen taldearekin Gipuzkoako Ligan. Lucia Valor, gainera, Anaitasuna Kakute xake klubaren lehen taldearekin jokatzen lehen emakumea bilakatu da; ez zen gaizki aritu gainera.

Zuzendaritzak lehen taldean gazteei lekua egiteko erabakia du hartuta. "Ikasteko eta hobetzeko modu bakarra da, eta aurrera egin nahi badugu, arriskuak hartu behar dituzu ezinbestean". Denisek eta Luciak, biek seriotasun osoz jokatu zuten. Gainera, uste baino gehiago eutsi zion aurkariari Luciak; partida ona eta serioa jokatu zuen, eta berdinketa eskatzeko aukera izan zuen. Halere, partidaren bila joatea erabaki zuen. Iritsiko dira emaitza hobeak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide