Lucia Valorrek bigarren postua lortu du Iruñean

Erabiltzailearen aurpegia Anaitasuna Kakute Xake Taldea 2022ko api. 4a, 08:31
Lucia Valor, Iruñeako txapelketan.

Emakume Mugakideen Txapelketan parte hartu du azkoitiarrak, eta 14 urtez azpikoen mailan bigarren sailkatu da. Kutxa Ligan, aldiz, galdu egin zuen Anaitasuna Kakute xake taldeak, baina Donostian batutako puntuei esker gertuago dute mailari eustea.

Anaitasuna Kakute xake taldeko Lucia Valorrek Emakume Mugakideen Txapelketan parte hartu zuen atzo, igandea, Iruñean. 54 xakelari aritu ziren lehian, eta azkoitiarra hamabosgarren postuan sailkatu zen. 14 urtez azpikoen artean, gainera, bigarren onena izan zen Valor; jokatu zituen zazpi partidetan 4,5 puntu eskuratu zituen hark. 

Lucia oso gustura zegoen txapelketa amaitu ostean. "Lehen partidan oso urduri egon naiz; beti gertatzen zait gauza bera txapelketa bati ekiterakoan. Halere, oso pozik nago erakutsi dudan jokoarekin". Valorren laguntzaile lanak egin zituen Manuel Paredesek Valorrek erakutsitako maila nabarmendu zuen: "Gustura egoteko moduan da Lucia. Partida guztietan aurkaria baino hobeto aritu da, baina urduritasunak eraginda bi partida galdu ditu, eta bat berdindu. Oso ondo jokatu du, eta merezitakoa da emaitza".

Kutxa Ligan, galdu

Larunbatean, bestalde, Kutxa Ligako jaitsiera multzoko 10. jardunaldia jokatu zuen Anaitasuna Kakute xake taldeak. Donostiako Tamarindo taldearen aurka jokatu zuen, eta 2,5-1,5 galdu zuten azkoitiarrek. Manuel Paredesek irabazi egin zuen bere taulan, Imanol Larrañagak berdindu, eta Anibal Fernandezek eta Jose Joaquin Larrañagak galdu. Nahiz eta galdu, emaitza ez da horren txarra; izan ere, Donostian batutako puntuei esker sailkapeneko bigarren postuan jarraitzen du. Era berean, azken hiru jaitsiera postuetatik urruntzeko gai izan da taldea; guztira, 13,5 puntu ditu Azkoitiko taldeak.

Datorren asteburuan, Anaitasuna Kakutek Hernaniren aurka neurtuko ditu indarrak Azkoitian. Hernaniarrak sailkapeneko bosgarrenak dira 11,5 punturekin, eta jaitsiera postuetatik gertu daude. Anaitasuna Kakutek 1,5 puntu batzea nahikoa izango du Kutxa Ligari eusteko. Partidak Internetez jarraitu ahal izango dira. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide