Maila ona eman du Carlos Sanchezek Tenerifen

Erabiltzailearen aurpegia Anaitasuna Kakute Xake Taldea 2021ko ira. 7a, 08:00
Carlos Sanchez.

Nazioarteko Fide rankingean gora egiteko balio izan dio Sanchezi txapelketak. Datorren asteburuan, gainera, Anaitasuna-Kakute xake taldeak Txapelketa Soziala jokatuko du.

Anaitasuna-Kakute xake taldeko Carlos Sanchez xakelariak San Cristobal de la Lagunako (Kanariak) III. Xake Torneoan parte hartu du. Guztira, 133 xakelari aritu dira nor baino nor gehiago, eta azkoitiarra 51. postuan sailkatu da. Sanchezek bost puntu batu zituen bederatzi partidatan.

Emaitza ona da Internetaren bitartez eta erritmo handian jokatutako partidak izateko. Gainera, han batutako puntuak nazioarteko Fide rankingerako baliagarriak izango dira, eta azkoitiarrak, 11,5 puntu eskuratuta, gora egitea lortu du; ez da ez erronka makala. 

Txapelketa Tomas Sosa argentinarrak irabazi du 7,5 puntu batuta. Tituludun 27 xakelari aritu dira lehian, horien artea zortzi Maisu Handi. Era berean, esan behar da lehian hamalau herrialde desberdinetako xakelariak aritu direla.

Datorren igandean, irailak 12, Anaitasuna-Kakute xake taldeak XXV. Txapelketa Soziala jokatuko du, 16:00etan, bere egoitzan. Parte hartzaile bakoitzak bost minutuko xake partidak jokatu beharko ditu.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide