Urrats garrantzitsua bide luze batean

Erabiltzailearen aurpegia Oletan ere Ez taldea 2024ko ots. 12a, 10:12

Oletan ere Ez! eta Sañu Bizirik! taldeek ‘Buruzai’ proiektuaren aurkako 2.595 herri alegazio aurkeztu genituen urtarrilaren 29an. Alegazio eta sinadura bakoitza garrantzitsua izan da makroproiektu txikitzaile honen aurkako gure jarrera erakusteko. Horregatik, eskerrak eman nahi diegu indarrak batu eta lurraren defentsan mobilizatu diren herritar, talde eta erakunde guztiei.

Azkenean, erakunde publikoak ere mugiarazi ditugu eta burugabekeri honen benetako aurpegia ikusten hasi direla dirudi. Forma eta lege kontuei eutsita egin badute ere, ongi etorriak dira proiektuaren kontrako mugimendura. Aurrerantzean ere zentzuz jokatzeko deia egiten diegu, batik bat, Azkoitiko Udalari. Otsaileko udalbatzarrean onartu zituzten alegazioak (Ezkioko, Zumarragako eta Azpeitiko udalekin batera aurkeztutakoak) herritarren eskura jartzea eskatzera gatoz hona. Non eta noiz izango dira irakurtzeko moduan? Gardentasun ariketa demokratiko zintzoa litzateke.

Baina enpresa sasi-berdeen oldarraldia ez da hemen bukatu. Bide luzea dugu aurretik. Horren adibide da Piaspe izeneko proiektua. Aipatu proiektua publikoa da dagoeneko eta alegazioak aurkezteko epea zabalik da, horrenbestez. Sañu Bizirik! taldeari laguntzeko txanda iritsi zaigu  orain. Alegazio herrikoien kanpainarekin bat egin nahi duenak horretarako aukera izango du Azpeitian zein Zestoan.

  • Azpeitian:  ostiraletan (18:30-20:30), Agustinpean; zapatu eguerditan (12:30-14:00), Sanjuandegin; eta zapatu arratsaldetan, Agustinpean (18:30-20:30). Asteartetako azokan ere izango da aukera (10:00-12:30), Berdura Plazan.
  • Zestoan: ostiral arratsaldetan (18:30-20:30); larunbatetan (12:30-14:30); eta otsailaren 18an egingo den Kobaz Koba Trail 2024 mendi lasterketaren testuinguruan.
  • Online ere adierazi daiteke proiektuaren aurka gaudela, honako loturetan sinatuta:

    https://labur.eus/piaspe-ez_eus (Euskaraz)
    https://labur.eus/piaspe-no_esp (Gaztelaniaz)
  •  

Gogoratu: Ez Urolan, ez inon! Mendiak aske!

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide