Alegazioen inguruko bilera irekia izango da astelehenean, Elkargunean

Erabiltzailearen aurpegia Oletan ere Ez taldea 2024ko urt. 12a, 18:38

Joan den abenduaren 15ean aurkeztu zuten Oleta, Samiño eta Izazpiko parke eolikoaren proiektua, eta orduan hasi eta urtarrilaren 30era arte alegazioak aurkezteko epea zabaldu zen. Alegazio horiek proiektua gelditzeko bideetako bat izan litezke. Honetaz guztiaz informatzeko bilera irekia deitu du Oletan ere ez! taldeak astelehenerako, Elkargunean. 

Abenduaren 23an egin genuen prentsaurrekoan alderdi guztiei gaiaren aurrean hartuko luketen jarrera argitzeko eskatu genien, baina Azkoitia Bai taldeak soilik erantzun zuen. Hainbat bilera egin ditugu udalekin eta alderdi politiko desberdinekin, alegazioak egiteko abokatua kontratatzeko asmoz. Egunak aurrera doaz eta oraindik ez dute erabaki argirik hartu.

Alegazioak ganoraz egiteko denbora behar denez eta instituzioen aldetik aurrerapenik ikusi ez dugunez, Oletan ere ez! eta Sañu bizirik taldeek Anaitasuna (Azkoitia), Lagun Onak (Azpeitia) eta Ostadar (Urretxu-Zumarraga) mendizale elkarteen laguntzarekin abokatua guk geuk kontratatzeko erabakia hartu dugu.

Erabaki zaila izan da diru kopuru izugarriari (milaka euro) aurre egin beharko diogulako. Herritar guztion inplikazio eta kolaborazioa ezinbestekoak izango dira zor horri aurre egiteko. Hala ere, itxaropentsu gaude. Enpresa energetikoen interes ekonomikoek gure mendiak mehatxupean jarri dituzte, baina ziur gaude herriak aurre egingo diela.

Laister izango duzue abokatuaren gastuak ordaintzeko diru bilketarako egingo diren ekintzen berri. Izan ere, Oletan ere ez! taldea mendien industralizazioaren gaiarekin kezkatuta dagoen herritar soilez osatuta dago eta kezka bera partekatzen duen oro ongietorria izango da. Hori dela eta, bilera irekia egingo dugu datorren astelehenean, urtarrilaren 15ean, Elkargunean, 18:30ean. Egoeraren berri emango dugu bertan. Herritar oro gonbidatuta dago.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide