Gaizka Arangurenek mendien iruditeriari buruzko hitzaldia emango du, irailaren 26an

Erabiltzailearen aurpegia Oletan ere Ez taldea 2023ko ira. 20a, 09:42
Gaizka Aranguren (EITB)

Oletan ere Ez! taldeak hitzaldia antolatu du datorren irailaren 26rako, astearterako. Elkargunean da hitzordua, 19:00etan, eta herritar guztiak gonbidatuta daude parte hartzera. Gaizka Aranguren Urrotzek Mendiak iruditeri kolektiboan: Zein leku dute mendiek Euskal Herrian? gaia izango du hizpide.

Oletan ere Ez! taldeak antolatuta, Gaizka Aranguren Urrotzek mendien iruditegiari buruzko hitzaldia eskainiko du datorren asteartean, hilaren 26an, Azkoitiko Elkargunean. 19:00etan hasiko da haren saioa, eta antolatzaileek herritar guztiak gonbidatu ditu bertara.

Datorren asteko hitzaldirako aperitifa nahi duenak, hona Gaizka Arangurenek eskainitako modakutxo bat: "Edozein giza kolektibok bere iruditeri propioa garatzen du. Kide gehienek partekatzen dituzten erreferenteetan oinarritzen da egitura immaterial hori. Kulturen arteko harremana ulertzen laguntzen digun Zoparen Teoria Orokorra eltze bakoitzean egosten denaz mintzo zaigu. Komunitate baten identitatea elikatzen duen zopari zaporea ematen diote lapikoaren inguruko paisaia naturalak eta kulturalak. Paisaia horien osagaiak dira giza kolektibo zopazalearen imajinarioa osatzen duten erreferenteak.

Euskal Herrian, mendiak dira, ziur aski, zoparen osagai horietako bat. Zergatik den horrela jakin ahal izatea, ordea, ez da hain erraza...".

Hizlariari buruz

Gaizka Aranguren Urrotz kazetaritzan lizentziatua da eta europar ikasketetan diplomatua. Zientzia politikoetan ikasketa aurreratuak egin zituen UNEDen. Historian doktore da antropologia arloko tesi batekin: Memoriaren meatzariak: memoriaren eta ondare immaterialaren balioaren kudeaketa.

Komunikabideetan tarteka lan egiten duen arren, bere jarduna enpresa kudeaketari lotuta dago. 2009an Labrit aholkularitza enpresa sortu zuen eta bera zuzendari nagusia da. Abeltzaintza alorreko Albaitaritza aldizkariaren zuzendaria da. Ingurumen arloan, ibaien eta uraren defentsan dihardu elkarte desberdinetan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide