"Isiltasun estrategikoa"

Erabiltzailearen aurpegia Oletan ere Ez taldea 2023ko ots. 17a, 19:21

Bilera eskatu eta handik denbora puska batera hartu gaituzte udaletxean, EAJko, EH Bilduko, PSE-EEko eta Azkoitia Baiko hainbat zinegotzik. Alkateak hasieratik garbi utzi digu bilera ez zaiola gustatzen, gurekin hitz egiteko gogorik ez duela eta, labur esanda, traban gaudela. Zein eta gu, Oletan ere ez! taldea, gu guztion ingurumenaren alde (Azkoitiaren alde) gure denbora librea eta lana musu truk eskaintzen ari garen herritar talde xume hau.

 

Capital Energy enpresarekin negoziatzen hasita omen daude. Guk dakigula, gutxienez bi bilera egin dituzte haiekin; baina alkateak behin eta berriz esaten du ez daukala herritarroi esateko ezer berririk. Ezer ez dela erabaki, eta ezin digula ezer esan. Hala ere, gurekin egindako bileran enpresak bidalitako dokumentua bere egiten du, eta hitzez hitz irakurri digu, gaztelania dotorean. Disimulatzeko beharrik ere ez omen du ikusten, nonbait.

Azkoitiko Udalak noiz jakinaraziko digu auzia zertan den? Behin betiko erabakiak hartuta daudenean? Herria informatuta egoteko eskubideari muzin egin eta erabakiak hartzeko beranduegi denean esango al digute zerbait? Hauteskundeen zain al daude? Hiru hilabete besterik ez dira geratzen udal hauteskundeetarako; beraz, alkate hau "erre" eta etorriko denari bidea errazten ari al dira bien bitartean? Denbora pasatzen uzten ari dira enpresakoak lanean diharduten bitartean. Bestalde, legeak aldatzen doaz pixkanaka, eta solitarioan tranpak egiten jarraitzen dute agintariek, horretarako oso abilak baitira. Eta etorriko da eguna non erabaki finkoak aurkeztuko dizkiguten, eta atzera bueltarik ez den egongo… Orduan damutuko gara.

Inguruko beste herri askotako udalak beren lurrak babesteko neurriak hartzen ari diren bitartean, zergatik ez du gauza bera egiten Azkoitiko Udalak? Erabakia jada hartuta duelako? Eta, are larriagoa dena, Azkoitiko Udala zergatik ez da inguruko udalekin harremanetan jartzen? Enpresa batek esandakoa itsu-itsuan sinetsi behar al du? Interes ekonomiko hutsa besterik ez duen enpresa batek esandakoak eta agindutakoek zergatik dute herritar eta aditu desinteresatuen iritziek baino pisu gehiago?

Hitzaldiak antolatu ditugu, bilera irekiak deitzen ditugu, baina inoiz ez dugu ikusi alkatea edo zinegotzi jeltzalerik bertan. Iritzi ezberdinak ezagutzeko beharrik ez al daukate? Trantsizio energetikoa kezkaz eta arduraz bizitzen ari diren herritarrek proposatutakoari entzungor egiten jarraitu behar al dute? Enpresaren "eskaintzaz" aparte, zer proposatzen du Azkoitiko Udalak? Ze estrategia jarraitzen ari da? Zer datu, eredu, adierazgarri, txosten edo diagnostikotan oinarrituta hartzen ari da erabakia? Benetan sinetsi al dute enpresa multinazionalak gu salbatzera etorri direla? Beren interesa guk energiagatik gutxiago ordaintzea dela? Galizian ere gauza bera agindu zuten eta, mendiak errota erraldoiz eta zaharkituz bete ondoren, energia sekula baino garestiago ordaintzen ari dira.

Alkate jauna, ez hartu hau modu pertsonalean, eta Azkoitiko herritarron ordezkari goren bezala joka ezazu gu guztion aurrean. Entzun herritarrek esateko dutena, komertzialen aurrean ez izan hain sinesbera, eta negoziatzen ari zaretena herriari argi erakutsi, bestela, despota ilustratu baten moduan jokatuko duzu, "dena herriarentzat baina herririk gabe" eginez.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide