Bai, hitz egin nahi dugu

Erabiltzailearen aurpegia Oletan ere Ez taldea 2022ko urr. 21a, 08:33
Oleta mendia.

Udal hauteskundeetarako hilabeteak falta diren honetan, EAJren alkategaiak zera nahi omen du: "herritarrekin hitz egin eta haiei entzun, edo entzun eta hitz egin, egokitzen dena". Ba, bada garaiotan ondo "egokitzen" den gai bat: eolikoena. Oletan ere Ez! plataformako kideak aspalditik ari gara gainean daukagun mehatxu honi buruz publikoki hitz egiten, baina oraindik ez dugu ez Azkoitiko Udalaren ez EAJren erantzunik entzun.

Ia urtebete pasatu da haize-erroten industriagune bat gure mendietan jartzeko asmoaren berri lehen aldiz izan genuenetik, eta oraindik ez dakigu zein den Azkoitiko Udalaren jarrera (nahiz eta zain eta isilik egotea jarrera nahiko argigarria baden). Udalak hitz egitea nahi dugu, bai, baina ez Azpeitiko Udalak egin duen bezala; ez behintzat enpresarekin lerrokatuta eta moderno-itxurako aurkezpen propagandistiko batean, oholtza gainetik eta guztia ondo lotuta zein entseatuta.

Herritarrei galdera-erreguen txanda uztea ez da gardentasun edo demokrazia keinu bat, zuritze ariketa ziniko xamarra baizik. Megaproiektuen kontra daudenek ere badituzte adituak eta datu andana aurkeztu dezaketen jakintsuak, inongo interes ekonomiko pertsonalik ez daukatenak, gainera. Horrek sinesgarritasun bat ematen die, gure iritziz; kanpotik datorren enpresa salbatzaile batek baino sinesgarritasun gehiago bai, behintzat. Ez dugu propaganda gehiago nahi, nahikoa propaganda egiten dute komunikabide gehienek.

Beraz, informazioa nahi dugu, baina osoa eta zehatza: 

  • Zertan da proiektua?
  • Nolako enpresa da Capital Energy? Jabegoa, helburua, historia...
  • Zer suposatuko du gure ingurunearentzat? Arlo edo alderdi bat bera ere ahaztu gabe.
  • Zer aurrekontu izango du? Nondik aterako dute dirua? 
  • Zer gertatuko da industriagune eolikoaren bizitza erabilgarria bukatzen denean? 
  • Benetan jasangarria al da proiektua? Zein parametroren arabera izendatuko da jasangarri? Parametro horiek talka egiten al dute Europako eta Aldunduko bestelako legeekin eta araudiekin?
  • Eta garrantzitsuena dena: benetan al da beharrezkoa? Zergatik eta zertarako sortu behar dugu energia gehiago? Gaur egun sortzen eta kontsumitzen dugun energia osoa al da beharrezkoa? Nork erabakitzen du hori? Ez al dago beste alternatibarik? Txikizioa al da irtenbidea? 

Azkoitiko Udalak eta alkategaiek badute, beraz, elkarrizketarako gaia. Ea egoki, denboraz eta zintzoki egitera animatzen diren.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide