Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak bat egiten du 'Mendietan zentral eolikorik ez!' manifestazioarekin

Erabiltzailearen aurpegia Kontseilu Sozialista 2023ko mar. 15a, 14:11

Oletan ere Ez! eta Sañu Bizirik taldeek antolatutako manifestazioarekin bat egiten du Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak. Mendietan zentral eolikorik ez! manifestazioa 19:00etan abiatuko da larunbatean, Azpeitiko plazatik.

Kapitalismoak aterako omen gaitu berak sortu duen krisi energetikotik eta ingurumen hondamendiaren espiraletik. Hala diote, bederen, telebistan, sarean edota instituzio politiko guztiek. Negozio horietatik, ordea, Capital Energy, Black Stone edo Statkraft aterako dira irabazten. Trukean, langileontzat, ekosistemen suntsiketa, ingurumen ondare eta aisialdi-gune naturalen txikizioa, zaborrez osatutako kontinenteak eta kutsadura itogarria.

Begi bistakoa da produkzio eredu horrek den dena merkantilizatu behar duela; ez da etikarentzat tokirik, ezta diru gehiago xurgatu daitekeen mendirik ere.

Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak garbi du kapitalismo berdearen iruzurrari maskara kendu eta dauzkagun ondare natural urriak defendatu behar ditugula. Horregatik, Sañu Bizirik taldeak, martxoaren 18an deitu duen manifestazioan parte hartzeko deia zabaltzen dugu. Sañoa txikitu ez dezaten, Oletak bizirik iraun dezan, eta azkenaldian kontaezin bihurtu diren borroka horiek guztiak mundu berri bat eraikitzen hasteko mugarri izan ditzagun.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide