Kejie ta desditxie: "Festetan, umeen eskuetan petardoak"

Erabiltzailearen aurpegia Kejie ta desditxie 2023ko aza. 28a, 10:26
Petardo bat.

B.R. erabiltzaileak honako testu hau igorri du, "nazkatuta" dagoelako petardoen hotsak entzuteaz, baita umeak "jolas moduan" petardoak botatzen ikusteaz ere.

"Nazkaturik gaude herriko festak iristen diren bakoitzean petardoen dinbi-danba hotsak entzuteaz, baita 9 edo 10 urteko umeak metxero eta petardoak eskuan hartu eta jolas baten moduan batek besteari petardoak botatzen ikusteaz ere.

Guri gertatu zaigu, barraketarako bidean goazela Ertzainetako aldapatik petardoa bota eta aurrean lehertzea. Eta ez, ez dit inongo graziarik egin. 
 
Ikusi ere egin dugu, jostailuak saltzen dituen postuko emakumea metxeroak eta petardoak saltzen umeei, eskukadak!
 
Udaltzainetara joan eta beraiek ezin dutela ezer egin esan digute, harrigarria! Beraiek ezin badute, nork orduan? Zerbait gertatu zain al zaudete? Gero, errua besteena dela esango al duzue?
 
Ordubete musika gabe egoten da, haur guztiek eduki dezaten barraketaz gozatzeko aukera, baina petardo soinua ez da geratzen, eta horren aurrean, udalaren erreakzio falta izugarria iruditzen zait. Nahikoa da!
 
Gaur, hau idazteko beharra handiagoa zen, gure semeak atzo zuen ardura faltaren ondorio bat jasan behar izan zuelako bere azalean, eta ez zait bidezkoa iruditzen. Bere lagunekin barrakez gozatzen ari zen momentuan, petardo soinuarekin beldurtu eta zuhaitz baten kontra izugarrizko kolpea hartu zuen. Berriz esaten dizuet, nahikoa da!".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide