Kejie ta desditxie

Kejie ta desditxie: "Bidegorriko mantenu lanez"

Erabiltzailearen aurpegia Kejie ta desditxie 2023ko uzt. 11a, 08:51
Azkoitia eta Loiola arteko bidegorria. (K.A.)

K.A. Maxixatzeneko erabiltzailea kexu agertu da Azkoitia eta Azpeitia lotzen dituen bidegorrian mendi aldeko landareek errei bat erabiltzea eragozten dutelako. Honako mezu hau bidali du erredakziora:

"Azkoitia eta Loiola lotzen dituen bidegorri zatian ibiltzen den jendea urtero kexatzen da horrek duen egoera txarraz, batez ere, mendi aldetik bidea inguratzen duten landareek bidegorriaren galtzadaren zati bat okupatzen dutelako.

Kontuan izan behar da, egoera normaletan ere, neurri batean, bidegorritik ibiltzea arriskutsua dela. Izan ere, oinezkoak bizikleta bidetik ibiltzen dira askotan, eta, bestalde, bizikletak abiadura handiegian ibiltzen dira. Adibidez, aurreko igandeko 12:30 aldera, bidegorria oinezkoz eta txirrindulariz gainezka zegoen, eta ibilbideko zenbait puntutan ezin zen zirkulatu bizikleta erreietako batetik, mendiko landareek eragozten baitzuten errei horren erabilera.

Ez dakit zein erakunde arduratzen den bidegorri horren mantenu lanez, ez dakit ardura Azpeitiko eta Azkoitiko udalena edo Gipuzkoako Foru Aldundiarena den. Hori horrela, dagokionari ohar hau helaraztea nahi nuke, urte osoan bidegorria garbi mantentzeko ardura bete dezan, bidegorria erabiltzen dugunon segurtasunaren mesedetan".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide