Kejie ta desditxie

Kejie ta desditxie: "Gazte jendearekin harrituta"

Erabiltzailearen aurpegia Kejie ta desditxie 2023ko eka. 27a, 15:03
Goikokaleko bebarru batean izan dira gertakariak.

N.G. Maxixatzeneko erabiltzailea kexu eta haserre agertu da egun gutxian bere bebarruan zenbait gaztek izan duten jokabidearekin. Haren arabera, joan den zapatu gauean etxepeko tinbrea puskatu zuten gazte batzuk, eta atzo, LGTB bandera bat lapurtu diote erabiltzaileari balkoitik. Hona hemen hark erredakziora bidali duen kexa:

"Herriko aldizkarira jotzen dut azken egunetan herriko jende gaztearekin harrituta geratzen ari naizelako. Goikokalen bizi naiz, goiko farmazia dagoen inguruan. Joan den zapatu gauean (hilak 24), 23:00 inguruan etxean afaltzen ari ginela, bebarruko tinbre guztiak jo zituzten; dena den, hori ez zait horren harrigarria iruditzen. Ohartu ginen gure goiko pisuko tinbrea kateatuta geratu zela, eta zer gertatzen ari zen ikusteko bebarrura jaitsi ginen. Interfonora begiratu genuenean ikusi genuen kolpe gogor bat eman eta puskatu egin zutela. Ez dut ulertzen non aurkitzen dioten kontuari grazia, nola izan daiteken horrelako zerbait dibertigarria inorentzat.

Bada, ez da hori bakarrik. Atzo gauean, 22:00 aldera, LGTB bandera jarri dut nire lehen solairuko balkoian. 23:30 aldera, gazte batzuk bandera lapurtu didate etxe azpitik pasatu direnean. Zerbait aldarrikatzeko defendatzeko bandera bat balkoian jarri, eta horrela lapurtu eta korrika ihes egin dute.

Egia esan, ez dut ezer ulertzen. Niri ez zitzaidan bizian bururatu ere egingo nire herriko jendeari tinbrea puskatzea edo zerbait balkoi batetik lapurtzea. Ez dut ulertzen zer pasatzen zaien burutik halako gauzak egiten dituzten gazteei".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide