Kejie ta desditxie

Kejie ta desditxie: "Lurreko zakarrak ibaira"

Erabiltzailearen aurpegia Kejie ta desditxie 2022ko aza. 15a, 17:04
Hostoak, anbulatorio pareko ibaian.

I.E. erabiltzaileak Maxixatzenen erredakziora bidali du honako idatzi hau. Hark azaldu duenez, kale-garbitzaileek lurretik hostoak eta abar jaso eta barandaren gainetik ibaira botatzen ikusi ditu, anbulatorio parean. Gertaera salatu du.

Ez dut behin ikusi, birritan baizik. Ez da langile bat izan, bi gutxienez izan dira. Neure begiekin ikusi dut pare bat asteren bueltan, eta horregatik nago hain ziur. Udalak kontratatutako kale-garbitzaileek lurretik hostoak eta abar jaso eta barandaren gainetik ibaira botatzen ikusi ditut, anbulatorio parean. Agian pentsatzen dute eroritako hostoak zabor organikoa direla eta ibaiak eraman edo desegingo dituela arazorik gabe, baina seguru nago hostoekin batera zigarrokinak, plastiko txikiak eta abar joaten direla uretara. 

Alferrik ari gara ibai ertzeko barandetan saretxoak jartzen azpitik zaborrik eror ez dadin, gero garbiketaren arduradunek haren gainetik botatzen badute zakarra, behin eta berriz. Gainera, langile horietako bati begira geratu eta zaborra sailkatuta dituen zakarrontzi moderno horietako bat ireki, kuboak banan bana hartu eta plastikoa, papera, errefusa eta organikoa dena elkarrekin orgatxoan husten ere ikusi dut, normaltasun osoz. Iruditu zait ez dela salbuespena izango, ohiko jarduera baizik. Orduan, gu, herritarrak zertan ari gara zaborra sailkatuta botatzen eta gure zergekin saretxoak ordaintzen? 

Arren, enpresak edo udalak, edo biak batera: langileei formakuntza eman edota beharrezko neurriak hartu ahalik azkarren. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide