Kejie ta desditxie

Kejie ta desditxie: Elkarguneko bazkidetza

Erabiltzailearen aurpegia Kejie ta desditxie 2021ko eka. 4a, 15:32
Ugarteigarango estali gabeko igerilekua.

A. M. Maxixatzeneko erabiltzaileak duela hilabete batzuk baja eman zion Elkargunean zuen familia abonuaren bazkidetzari, ezin zituelako instalazioak "behar bezala" erabili. Orain, estali gabeko igerilekuetara joan ahal izateko bazkidetza egitera joan nahi izan du. Irakurri bere kexa zein den:

"Azkoitiko lau kideko familia bat gara, eta pandemiaren gai honekin Elkarguneko bazkidetzari baja ematea erabaki genuen, ezin baigenuen Elkargunea behar bezala erabili. Esaterako, dutxak kendu zituzten, Elkargunera joan ahal izateko hitzordua eskatu behar zen, eta erreleboan lan eginda ezinezkoa zitzaigun modu horretan bazkide izaten segitzea.

Nire 13 urteko semea zen Elkargunea gehien erabiltzen zuena. Futbol kantxak alokatzea debekatu zioten, baina Elkarguneko zenbait zerbitzu erabiltzeko aukerarik ez bagenuen, hilabete batzuez familiako abonua ordaintzen jarraitzea erabaki genuen, bestelako erabaki batzuk hartuko zituzten itxaropenarekin. Azkenean, ordea, bazkidetzari baja ematea erabaki genuen. 

Orain uda dator, eta, egia esan, haur txikiak ditugun gurasooi arnasa ematen digute estali gabeko igerilekuek. Hori horrela, bazkidetzari alta emateko Elkargunera jotzea erabaki genuen, soilik estali gabeko igerilekuak erabiltzeko asmoz. Esan digute, urtebete baino gutxiago pasatu dela Elkarguneko bazkidetzari baja eman genionetik, eta bazkidetza egin nahi badugu familiako lau kideen bazkidetzak aparte ordaindu behar ditugula.

Elkarguneko familia abonuari berriz alta eman nahi badiogu, 8 urteko alabaren bazkidetza 24,53 euro, 13 urteko semearena 36,79 euro eta gurasootako bakoitzarena 61,31 euro ordaindu beharko genituzke. Laburbilduz, eta guztira, 183,94 euro ordaindu beharko genituzke familiako laurok berriz bazkide egin nahi badugu.

Elkarguneko bazkidetzari ez genion gustuz eman baja. Bazkide izateari utzi genion, Elkarguneko instalazioak ezin zirelako behar bezala erabili. Pandemia garaia izanda, eta gauzak dauden bezala egonda, ez zaigu buruan sartzen bazkidetzagatik diru hori ordaintzea. Gainera, uste dugu Azkoitiko Udalak ez lukeela hori onartu beharko. Familia langilea gara, eta ezin ditugu gastu gehigarri horiek inolaz ere onartu".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide