Kejie ta desditxie

Kejie ta desditxie: liburutegiaren funtzionamendua

Argazkia: Javier Beristain.

Azkoitiko liburutegiari buruzko herritar baten kexa da hau, abenduko Maxixatzen aldizkarian Kejie ta desditxie atalean argitaratu zena: 

"Azkoitiko liburutegia ezagun egin da azken urteetan, bere arkitekturari esker munduko hamar ederrenen artean dagoelako eta hainbat artikulu idatzi direlako horri buruz. Baina honako artikulu honetan ez dut arkitekturari buruz hitz egin nahi, liburutegiaren funtzionamenduari buruz baizik.

Askok dakiten moduan, unibertsitateko ikasleok urtarrilean izaten ditugu azterketak, eta herri edota hiri askotan, ikasleei laguntzeko helburuarekin, liburutegiak irekitzen dituzte igande eta jaiegunetan. Oso urrutira joan gabe, Eibarren eta Bergaran liburutegiak egunero irekitzen dira ia kurtso osoan, jaiegun bat bera ere ospatu gabe. Esan beharra dago egun horietan ordutegia murriztu egiten dutela; hala ere, Azkoitikoaren betiko ordutegiaren parekoa izaten da. Izan ere, liburutegi askok gure herriko liburutegiak baino ordutegi zabalagoa eskaintzen dute.

Azkoitian, ordea, aurkako mugimendua gertatzen ari dela dirudi. Adibidez, azaroaren 1a, asteartea, jaieguna zen, eta liburutegiak urriaren 31n zubia egitea erabaki zuen, ikasle gehienontzat zein beste edozein saltokirentzat lanegun arrunta izan zen arren.

Ikasleok ondo dakigu zeinen zaila den kontzentratzea, batez ere inguruko guztiek jai daukaten egun batean. Horregatik, iruditzen zait momentu horietan oso garrantzitsua dela udalaren laguntza eta babesa. Ez dut eskatzen 24 orduz irekita egotea liburutegia (dena dela, pentsatzen dena baino ohikoagoa da hori), ezta urte osoan egunero irekitzea ere, baizik eta behintzat lanegun guztietan irekitzea eta, asko eskatzea ez bada, azterketa garaian larunbat arratsaldean eta igandean ere irekita edukitzea".

M.L.E.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide