Beste behin

Erabiltzailearen aurpegia Joseba Elorza 2018ko eka. 15a, 10:06

«Joseba! Te has enterado?» «De qué?» «De lo que ha sacado Salva de Cifuentes el profe de estructuras de primero!» «No me fastidies que el famoso Profesor P. es Salva???» «SIIIII!»

Hauxe da pasa den martxoaren 21ean Madrilgo 'Rey Juan Carlos' unibertsitatean duela 5 urte ezagutu nuen gelakide, orain lagun, batekin izandako Whatsapp bidezko elkarrizketa. Horrenbeste zalaparta ateratzen ari den Madrilgo presidentaren 'master eza'-ren inguruko kasuak eztanda egin zuen egunekoa, alajaina. Gertu samarretik ukitu nau. Ez bertan ikasten jarraitu izan banu ukituko ninduen bezain beste, baina bai hango nire lagunekin pentsatu eta bereziki haserretzeko moduan. Haserretu, lau urtetan fin-fin, hutsik egin gabe, beren zereginekin bete duten horiekin pentsatzean; batere errurik izan gabe ondorio garratzenetakoak jasan beharko dituzten horiekin; hemendik aurrera ahal duten guztietan euren tituluen URJCdun zigilua ezkutatzeko lanak hartu beharko dituztenekin pentsatzean.

Lehenengo urtea bakarrik egin nuen nik bertan, gero beste batera aldatu bainintzen. Eskerrak! Maleta bat esku bakoitzean hartu eta Madrilera joan nintzen 18 urte eta ilusio mordo batekin. Kazetari izan nahi nuen, eta gizarte legediak lehen pauso hori eskatzen zidan: unibertsitateren batean matrikulatu eta lau urteko gradu ikasketak egitea. Eta nik, selektibitatean lortutako notaren muga medio, artean Espainiako erregea zenaren izena zuen hura aukeratu nuen. Jakina, bertan aurkitu nezakeenaren ideia erdirik izan gabe. Madrilera joatearena nire esperientzia eta toki berriak bizi eta ezagutzeko grinaren ondorioetako bat izan zen.

Hasieratik antzeman genion usain arraroa unibertsitateari: Alderdi Popularrarekin zerikusia zuten irakasle 'entxufatuak' nonahi, erakunde pribatu batek hartuko lituzkeen erabakiak noiznahi eta eskuinetik zetozen instrukzioak nolanahi. Nik, adibidez, tartean, Justiziako Ministroa zenaren lehengusua izan nuen irakasle. Nire lagun batzuek, berriz, lerro hauek idaztera eraman nauen emakumearen ahizpa. Orain, bestearen gisan, beste 'titulu istilu'-ren batean sartuta dagoen Cifuentesen ahizpa, alegia. Eta Salva, nabarmen besteekiko desberdintasuna lehenengo egunetik antzeman genion Salva. Gutako askoren antzera, eskuinekoen lurretan ezkerreko hanka herrenaz klaseak ematen zizkigun gizon xelebre hura. Hau poza URJCeko zikinkeri hau guztia ateratzearen arduraduna bera izan dela jakiteak! Hilabete mordo batean omen zebilen noiz eta nola egin tramatzen. Eta bere ikasleak zerbaiten jakinean bazituen, gainera.

Ai Cristina, Cristina… Madrilgo garraio publikoko txartela 20 eurotan jarri zenigunetik hartu genizun estimuaren ondoren, hau? Eta gero, behin harrapatu eta frogak horren agerikoak izanda, dimititzeko asmorik ez? Espainiaren europartasunaz harrotzen den horietakoa zarenez, jakin, horrenbeste maite duzuen Europar Batasun flamante horretan badirela 5 euroko lapurreta batengatik dimititu duten politikariak, eta zure portaera, berriz, zuk horrenbestetan txarrerako aipatu izandako 'herrialde bananero' horietako politikari batek izango lukeena dela.

Jakinekoa da hau ez dela kasu isolatua. Izotz puska erraldoi baten punta baizik. Hasi dira, jada, izen berriak irteten. Norbait harritu al du bada, ordea, horrek? Diru lapurretak, lagun arteko negozioak, behatzez izendatutako karguak… Denetarik ikusi dugu. Horrenbeste ustelkeria politikoren artean nola ez ziren bada oparitutako tituluak egongo? Horixe baietz! Okerrena eta arriskutsuena, ordea, gizarte bat agintarien partetik datozen horrelako iruzurretara ohitzen joatea da. Horrelakoak begirada 'normal' batez ikustea. Konformatzea. Inmobilizatzea. Ezer ez egitea. Hori herriak galdu izanaren adibide izango baitzen. Beste behin.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide