Urola Erdiko langabe kopurua egonkor mantendu da 2022an

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Berritzen 2023ko urt. 31a, 16:45

2022ko abenduaren amaieran 1.227 herritar zeuden lanik gabe Urola Erdian, urtebete lehenago baino hamazazpi gutxiago. Beraz, arlo sozioekonomikoan ziurgabetasun handia egon arren, eskualdeko langabeziak egonkor jarraitu du.

Lanbide euskal enplegu zerbitzuaren arabera, 2022ko abenduaren amaieran 1.227 herritar zeuden lanik gabe Urola Erdian. Azken hilabeteetan arlo sozioekonomikoan dagoen ziurgabetasun egoeraren aurrean, eskualdeko langabeziak egonkor jarraitu du, eta urtebete lehenago baino hamazazpi langabe gutxiago zenbatu dira.

Iraurgi Berritzenen estimazioen arabera, Urola Erdiko langabezia indizeak %7,7an bukatu du urtea. Aldiz, Gipuzkoako eta EAEko tasak %8,3 eta %10,3 dira, hurrenez hurren; bi kasuetan Urola Erdiko indizea baino altuagoak.

Eskualdeko langabezia indizeari erreparatuz gero, generoaren arabera, %6,2 da gizonezkoena eta %9,4 emakumezkoena. Emakumeen langabezia indizea gizonezkoena baino 3 puntu handiagoa da, beraz. Gipuzkoan eta EAEn ere bi generoen artean 3 puntu inguruko arrakala ikus daiteke.

Bilakaera ezberdinak adierazleetan

Azken hiruhilekoari dagokionez, lan merkatuko adierazle ezberdinetan bilakaera ezberdinak hauteman dira. Besteak beste, honako puntuak azpimarratu daitezke:

  • Urola Erdian, Gizarte Segurantzan afiliatuta dauden herritarren kopuruari dagokionez, bilakaera positiboa ikus daiteke. Izan ere, abenduaren amaieran 13.150 afiliatu zenbatu dira eskualdean, iaz hilabete berean baino %2,7 gehiago. Epe berean, Gipuzkoan eta EAEn %0,8ko eta %1,3ko hazkundea erregistratu da, eskualdean erregistratu den hazkundea baino nabarmen motelagoa. Azken urtebetean, eskualdeko afiliazioetan eman den hazkundea batez ere industriari esker izan da. 2022ko abenduaren amaieran, Urola Erdian zenbatu daitezkeen afiliatuen %43,6 industria sektoreari zegozkion.
  • Kontratuen bilakaerari dagokionez, 2022ko azken hiruhilekoan 1.302 kontratu berri zenbatu dira Urola Erdian, iaz hiruhileko berean baino %19,9 gutxiago. Kontratuen gehiengoa zerbitzuen sektorean kontzentratu da, kontratu guztien %66,8, hain zuzen ere. Bestalde, hiruhilekoan erregistratu diren kontratuen %28,1 bideratu dira industria sektorera. Era berean, hiruhilekoan zenbatu diren kontratu guztien %62,7 aldi baterakoak izan dira.
  • Diru sarrerak Bermatzeko Errenta (DBE) jasotzen duten herritarrei dagokienez, Urola Erdian zenbatutako espediente kopurua hazi egin da urteko azken hiruhilekoan, baina, hala ere, iaz epe berean baino zazpi espediente gutxiago zenbatu dira; guztira, 532.
  • Amaitzeko, urtearen amaieran, indarrean dauden Aldi Baterako Enplegu Erregulaziorako hiru txosten zenbatu dira eskualdean. Horiek, guztira, 52 langileri eragiten diete.

Iraurgi Berritzenek datozen hilabeteetan eskualdeko adierazle sozioekonomikoen bilakaera aztertzen jarraituko du, uneoro eskualdeko lan merkatuaren bilakaera ezagutu eta eskualdeko sustapen politikak unean uneko beharretara egokitzeko asmoarekin.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide