Eskualdeko kontsumo ohiturak ezagutzeko azterketa egin da Urola Erdian

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Berritzen 2017ko ira. 21a, 10:20

Eskualdeko kontsumo ohiturak ezagutzeko, Azkoitiako, Azpeitiko eta Zestoako Udalek, Dendartean, Herrixen, Bertan, Zestoan eta Iraurgi Berritzenek lankidetzan landu duten ekimena izan da, Merkaurola izenarekin. Urrian egin den azterketan jasotako emaitzak eskualdeko merkatariekin elkarbanatzeko udalerri ezberdinetan lan bilerak antolatuko dira.

 

Egun, merkataritza mahaia, Azkoitiako Udala, Azpeitiako Udala, Zestoako Udala, Dendartean - Gipuzkoako merkatari, ostalari, zerbitzu enpresa eta autonomo elkarteen bilkura-, Herrixen –Azkoitiko Merkatarien Elkartea-, Bertan –Azpeitiko Merkatarien Elkartea, Zestoan –Zestoako Merkatarien Elkartea- eta Iraurgi Berritzen –Urola Erdiko Garapen eta Berrikuntza Agentzia- osatzen duten lankidetza gunea da. Gune honek, eskualdeko merkataritza txikiaren sustapena du xede, eta honetarako eragile ezberdinen artean lankidetza proiektuak sustatu nahi ditu.

Hori horrela izanik, ikerketan esperientzia duen kanpo aditua arduratu da azterketa burutzeaz. Herritarren kontsumo ohiturak eta eskualdeko merkataritzaz duten iritzia ezagutzeko galdetegi zehatzak prestatu dira eta hauek telefono bidez pasa zaizkie herritarrei. Besteak beste, eguneroko nahiz aldizkako erosketaren inguruan galdetzeaz gain, gaur egun azalera handiko erosketa guneek nahiz internetek herritarren eros ohituretan duten garrantziaren inguruan galdetu zaie.

Galdetegia erantzun duten 1.050 herritarrak ausaz hautatu diren arren, emaitzen adierazgarritasuna bermatze aldera, aintzat hartu dira hauen adina, sexua nahiz jatorrizko udalerria moduko irizpideak. Oro har, Martxoan eman zitzaion hasiera azterketari galdetegiaren prestaketarekin eta Uztailean amaitu da jasotako datu eta emaitzen interpretazioarekin. Bestalde, ikerketa, Gipuzkoako Foru Aldundiaren “lehiakortasuna eta lurralde kohesioa” programaren bitartez finantzatu da.

Behin emaitza eta ondorio nagusiak interpretatuta, eskualdeko merkatari guztientzat irekiak izango diren lan bileretan aurkeztu nahi dira. Honetarako, udalerri ezberdinetan lan bilera zehatzak antolatuko dira Urrian zehar. Lan bilera hauen bitartez, emaitzak aurkezteaz haratago, merkatarien balorazioa nahiz hauen kezka nagusiak identifikatu nahi dira. Aurkezpenak Urriak 9an 15:00etan Azkoitian, Urriaren 19an 14:30ean Zestoan eta Urriaren 24ean 15:00tan Azpeitian izango dira. Informazio zehatza komunikabideei helaraziko zaie eta merkatari elkarteen bidez ere egingo da zabalkundea.

Azterketak emaitza esanguratsuak erakutsi ditu, aipagarria da esaterako, eguneroko erosketan –ogia, fruta, haragia nahiz arraina- merkataritza txikiak duen garrantzia. Aldiz, gainontzeko produktuetan, azalera handiko salmenta guneen presentzia handiagoa dela ikus daiteke. Bestalde, jaso diren emaitzen arabera, kontsumitzaileen %48ak Internet bidez erosi du azken urtean. Amaitzeko, oro har, eskualdeko herritarren gehiengoa gustora dago herrian duen merkataritza eskaintzarekin.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide