Brooke Bjelko pibota fitxatu du Azkoitia-Azpeitia ISBk

Brooke Bjelko. (Bryant Bulldogs)

Uztaipeko lanerako jokalari berria fitxatu du ISBk. Taldeak sare sozialetan nabarmendu duenez, "handia" eta "indartsua" da Bjelko, baina lehen esperientzia izango du AEBetatik kanpo.

Azkoitia-Azpeitia ISBk Brooke Bjelko pibot estatubatuarra fitxatu du 2022-23 denboraldirako. AEBetako NCAA mailako Bryant Bulldogs taldetik dator Bjelko Azkoiti-Azpeitira. 1,91 metroko garaiera du pibotak, eta ISBk nabarmendu du "handia" eta"indartsua" dela uztaipeko lanerako. 

Batez beste, 13,1 puntu, 7,1 errebote eta 1,6 asistentzia lortu zituen azken denboraldian Bryant Bulldogs taldean. 2020-21 sasoian, berriz, 15,9 puntu, 9,1 errebote eta 1,4 asistentziako batez bestekoa lortu zuen Bjelkok. Pibot estatubatuarrak AEBetatik kanpoko lehen esperientzia biziko du Azkoitia-Azpeitia ISBn.