Juaristi enpresak ISBko gizonen lehen taldea babesten jarraituko du

Erabiltzailearen aurpegia

Joan zen asteburuan hasi zuen Juaristi ISBk denboraldi berria, eta gaur, ostirala, prentsaurrekoa eskaini dute kirol taldeko kideek nahiz hainbat erakundetako ordezkariek. Gizonen lehen taldeak LEB ligetan hamargarren denboraldia hasi berri du –horietako bat Zilarrezko LEBen egin zuen taldeak–, eta 2019-2020 denboraldian ere Juaristi enpresa izango da gizonen lehen taldearen babeslea. Maier Lizaso ISBko lehendakariak eskerrak eman dizkio Juaristi enpresari, klubaren proiektua bultzatzeko zenbat inplikatzen den argi ikusten dutelako: "Hau dena ez zen posible izango zuen laguntzarik gabe". Prentsaurrekoan izan da Asier Gogortza Juaristi lantegiko kudeatzailea ere, eta hark hitz onak baino ez ditu izan klubarentzat.

Instituzioei ere egin die keinua ISBko lehendakariak, eta eskerrak eman dizkie Azpeitiko nahiz Azkoitiko udalei eta Gipuzkoako Foru Aldundiari. "Hanka horiek gabe, ezinezkoa aurrera egitea", azaldu du hark. Agerraldian izan dira Azpeitiko Udaleko Kirol batzordeburu Egoitz Arruti eta Azkoitiko Udaleko Kirol zinegotzi Angel Martin ere, eta biek ala biek ISBk egiten duen lana goratu eta kluba laguntzen jarraitzeko asmoa agertu dute. Horrez gain, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol zuzendari Goizane Alvarezek ere hartu du hitza, eta hark ISBren erreferentzialtasuna azpimarratu du: "Kirol mailan, gorengo mailetan erreferente izateaz gain, balioak asko lantzen dituzte taldean, eta garrantzia handia ematen diote kirolarien formakuntzaren garapenari". Mikel Lekaroz Gipuzkoako Saskibaloi Federazioko lehendariak ere hartu du hitza, eta ISBk egiten duen lana aitortu du.

Lizasok azpimarratu du "gustura" egoteko modukoa dela gizonen lehen taldeak LEB Ligan segitzea, ISB bezalako klub "umil eta langile" batentzat. Iraurgiko lehendakariak esan du klubaren "merituz" daudela dauden tokian, eta argi dute ISBren identitatea harrobia dela: "Umeekin lan egiteak ekartzen du Gipuzkoako kirolariak goi mailako taldeetanaritzea. Iraurgin aritu diren edo Juaristi ISB tranpolin bezala erabili duten kirolari asko, maila altuko ligetan aritu dira, hala nola Aitor Zubizarreta, Gaizka Maiza, Xabi Oroz, Mikel Moto, Julen Olaizola, Lander Lasa... Eta oraindik aterako direnak... Entrenatzaile gipuzkoarrekin ere apustu handia egin du ISBk, eta gustura gaude. Zer nahi dugun argi dugu: gipuzkoarrekin lan egin eta horiei aukera eman". Iñaki Jimenez Juaristi ISBko entrenatzaileak ere Lizasoren ildotik hitz egin du, eta denboraldian buru-belarri sartuta daudela adierazi du.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide