Andy Panko eta Pablo Laso Iraurgiko saskibaloi jokalariekin

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi SB 2019ko eka. 28a, 13:06
Iraurgiko jokalari gazteak Pablo Laso entrenatzailearekin.

Iraurgi Saskibaloi Taldeak antolatuta, Saski Summer Camp udalekuak izan dira aste honetan, eta hainbat aurpegi ezagunen bisita izan dute saskibaloi jokalari gazteek. Esaterako, Andy Panko saskibaloi jokalari ohia eta Pablo Laso saskibaloi entrenatzailea egon dira Iraurgiko gaztetxoekin.

Saski Summer Camp udalekuak joan den astelehenean hasi ziren eta gaur amaitu dira. Gaztetxoek hainbat adituen bisita jaso dute astean zehar. Besteak beste, Andy Panko (Harrisburg, Pennsylvania, AEB, 1977) saskibaloi jokalari ohia Iraurgiko gaztetxoekin egon zen Azpeitiko kiroldegian joan den asteazkenean. Iraurgi Saskibaloi Taldeak antolatutako udalekuetako gaztetxoei bisita egin zien ACB eta NBA ligetan aritutako jokalariak. Pankok, besteak beste, Lagun Aro Bilbao Basketen, Bruesa GBCn, Lagun Aro GBCn, Panathinaikosen, Unicajan nahiz Fuenlabradan jokatu zuen 2005 eta 2014 urteen artean. Atzo hainbat azalpen eman zizkien saskibaloia eta ingelesa uztartzen dituen udalekuetan parte hartzen ari dien gaztetxoei.

Gaur, ostirala, Saski Summer Campen azken eguna izan dute Iraurgiko gaztetxoek, eta Euskal Herriko saskibaloiak eman duen handienaren aholkuak entzuteko aukera izan dute: Pablo Laso (Gasteiz, 1967) Real Madril saskibaloi taldeko entrenatzailea izan da gurekin.

Horiez gain, Joseba Diaz (Azkoitia, 1995) lasterkari eta masajistaren eta Aitor Zubizarreta (Azpeitia, 1995) saskibaloi jokalariaren bisita ere izan dute gaztetxoek.

Entrenamendu saioak, Elkargunean

Larunbatean, Azkoitiko kiroldegian, 2011 urteko neska-mutilentzako entrenamendu saioa antolatu du Iraurgik. 10:00etatik 11:30era izango da; animatu!

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide