Azkoitia Baik otsaileko ohiko udalbatzarrean esandakoak eta bozkatutakoak

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitia Bai 2024ko ots. 28a, 19:17

Hilero bezala, Azkoitia Baik 2024ko otsailaren 28an egin den ohiko udalbatzarrean esan eta bozkatu dituenak bildu ditu ekarpen honetan.

1.- Aurreko bilkurako aktaren onespena, hala badagokio.

Aho batez.

2.- 2024ko Udal Araudi Planaren onespena.

Udalarenak diren bide edo baso pisten erabilera bereziaren ordenantza aipatu nahi genuke. Araudi planak horrela dio:

"Jabetza publikoa eta erabilera komuna duten baso pistak eta landa-bideak egoera onean mantentzeak esfortzu handia eskatzen du, bai administrazioaren bai erabiltzaile partikularren aldetik eta erabilera desegokiak eta batez ere, erabilera desegoki horien ondorioak ez konpontzeak, eragin oso kaltegarriak ditu bide horien ohiko erabiltzaile direnentzat.

Erabilera intentsiboak, desegokiak edo gehiegizkoak zoladura kaltetzen du berehala, eta ibilgailu arruntek ezin ibiltzeko moduan geratzen da. Egurra ateratzeak pisten eta bideen erabilera berezia eskatzen du, eta ondorioz, kalte handiak eragiten dira pista eta bide publikoetan. Egindako inbertsioak nahiz gerora egitekoak errentagarritasuna izan dezaten, nahitaezkoa da erabilera berezi hau arautzea, bide hauen egoera ona mantendu ahal izateko.

Udalerri honetan ez dago udalarenak diren bide edo baso pisten ordenantza erregulatzailerik, eta horren ondorioz, oso zaila gertatzen da erabilera desegokia egin duena eragindako kalteak konpontzera behartzea edota bere kasuan, egindako ez-betetzeen ondorioz, zehatzea. Hori dela eta, beharrezkotzat jotzen da era honetako ordenantza bat onartzea".

Ordenantza egina dagoela esango genuke, baina herri bideen inbentarioa egin behar denez aurretik, kaxoian sartuta dago. Inbentario lan hori egiteko lizitazioa hutsik gelditu zen 2021ean. Arazoa nola zuzendu badakizuela ere esan diguzue batzordeetan, baina ez du aurrera egiten.  Araudi plan honetan garbi azaltzen duzue erabilera desegokiak daudela eta arazoak sortzen dizkigula. Badakigu beste hainbat dagoela egiteko, udaletxean pertsonal falta dagoela azken bolada honetan, baina ordenantza honi bukaera emateko ez zaigu asko falta, beraz ea ba 2024an behingoz irtenbidea ematen diogun.

Aspaldiko partez, eskaera hau egin ondoren, puntu honetan zerrendatu dituzuen besteak egitea ere ondo ikusten dugu, eta gure baietza emango diogu.

3.- 2023 ekitaldiko udal langileen ordainsarien bigarren igoera gehigarriaren onespena.

2024ko urtarrilaren 30ean, Estatistikako Institutu Nazionalak Barne Produktu Gordin (BPG) nominalaren bilakaeraren 2023ko datua argitaratu zuen. Honen arabera estatuak markaturikoa berdindu edo gailenduko balu, Jaurlaritzak argitaratu ondoren, horrela egiten baitugu gure udalean, ordainsariak %0,5 igotzea tokatzen zaigu. Udal teknikoen ordainsariekin ez dugu inoiz arazorik izan, politikoen ordainsariekin ditugu soilik desadostasunak, eta hauek ere hein handi batean zuzentzen doaz. Beraz, horretaz hitz egiteko hau baino toki eta momentu hobeak egongo direla pentsatuz, gure baiezkoa emango diogu igoera honi.

4.- Pentsioei buruz EH Bildu udal taldeak, eta EAJ-PNV eta PSE-EE udal taldeek aurkeztutako mozioak.

2023ko azaroan onartu genituen azken mozio/adierazpenak. Orduan esan genuen egun hori izango zela beste puska batean behintzat, honelako adierazpen eta mozioak babesteko denbora hartuko genuena. Askotan esan dugu batzordeetan lantzen ez ditugun adierazpen/mozio hauek ez direla eraginkorrak. Testu hauek irakurri ostean kaxoian sartu eta hor gelditzen direla. Honekin ez dugu esan nahi, ez gaizki ulertu, udalak ez duenik ezer egiten, hor zentratu behar dugula baizik, egitean, ekimenetan, hor aurkituko gaituzue. Bitartean, hemen aurkezten dituzuen mozio/adierazpenei gure ezetza emango diogu, baina aurretik esan bezala, bi gaietan berehala lanean hasteko prestutasun osoarekin.

Dena den pare bat kontutxo ere baditugu aipatzeko: Lehen ere bi mozio hauek irakurri ondoren, EH Bilduko bozeramailea ohartarazi genuen, EAJ-PNV eta PSE-EEk aurkeztutakoan 2018ko Martxoaren 1a aipatzen zutela, eta bertan onarturiko akordio zabala. EH Bilduk bere baiezkoa eman zion akordio honi, eta EAJ-PNV eta PSE-EEk hemen dakarkigun mozioak justu horixe bera aipatzen du, beraz kontraesanak ez al zizkizuen sortzen galdetu genizun orduan, eta oraindik ez dugu erantzunik, ez dakit zerbait esatekorik duzuen, orduan esandakoa berresten duzuen, edo handik desmarkatu eta orain hemen dakarkiguzuenaren alde zaudeten soilik.

Bestalde, kasualitatez gaurko GARAn irakurri dugu Ahora 1080 Orain! herri ekimenak mobilizazio bat deitu duela otsailaren 29rako, Iruñean, 2024ko Nafarroako aurrekontuetan pentsioak 1.080 euroraino osatzea eskatzeko, eta artikulu berean hau dio “urtarrilean nafar Gobernuak eta EH Bilduk adostutako aurrekontu akordioak 2025erako 1.080 euroko gutxieneko pentsioak bermatuko dituen lantalde bat sortzea aurreikusten du. "Akordioak ez du jasotzen gutxieneko pentsioak 1.080 euroraino osatzeko berariazko konpromisorik; izan ere, lantalde bat sortzea erabaki da, eta ez dago inolako konpromisorik gutxieneko pentsioa 2025etik aurrera ere bermatuta egoteko" eta honek ere hemen dakarkiguzuen mozioarekin ere kontrajarria dagoela dirudi.

5.- EAJ-PNV eta PSE-EE udal taldeek aurkeztutako martxoaren 8rako, emakumeen nazioarteko eguna, Adierazpen Instituzionala.

6.- Behin betiko onespenen berri ematea.

7.- Aurrekontuari buruzko informazioa.

8.- Galde-erreguak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide