Urtarrileko udalbatzarrean Azkoitia Baik esandakoak eta bozkatutakoak

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitia Bai 2024ko urt. 31a, 19:04

Hilero bezala, Azkoitia Bai herri plataformak urtarrileko osoko bilkuran esandakaok eta bozkatutakoak dituzue irakurgai hemen:

1.- Aurreko bilkuretako akten onespena, hala badagokio.

Ados.

2.- Azkoitiko zarata maparen berrikuspen dokumentuaren behin betiko onespena.

Gure herriko gune ezberdinetan jasaten dugun zarata maila egokia den edo ez jakiteak badu bere garrantzia, neurriak hartu behar diren edo ez erabakitzeko laguntza ezinbestekoa baita. Dokumentua aztertu dugu, eta gure ustez badira dagoeneko neurriak hartu beharreko guneak. Mugikortasun plan bat egiteko partida ere jarri berri dugu 2024ko aurrekontuetan. Dena den, neurriak hartu aurretik, azterketa baten bidez honelako dokumentu bat eratu behar denez, ez diogu inongo oztoporik jarriko.

3.- Kreditu transferentzia bidez kredituak aldatzeko 1 zenbakidun espedientearen onespena.

Herriko azokan egin behar diren berrikuntzak egiteko ez zela nahiko diru jarri dirudi, ea egiten den gehikuntzarekin obrak hasteko nahiko diru dagoen eta lehen bai lehen hasten ditugun. Diru hau alde zaharra berpizteko asmoz jarri genuen beste partida batetik kendu da, baina gerakinetik berriro ere bueltatuko dela jakinik, baietz bozkatuko dugu.

4.- Iruzurraren aurkako Azkoitiko Udalaren Adierazpen Instituzionalaren onespena.

Europako funtsak jaso nahi baditugu, bai ala bai adierazpen hau onartu behar dela dirudi, iruzurraren aurka, atal honetan irakurritako dena betetzearen aldekoak gara, beraz, ez diogu oztoporik jarriko.

5.- Azkoitiko Udaleko udal kargu publikoen etika eta gobernu onaren kodearen onespena.

Hemen idatzitako guztiarekin ere goitik beheraino ados gaude, eta gure baietza emango diogu.

6.- Garapen Jasangarrirako helburuen ikuspegitik, 2024ko udal aurrekontuaren informazioaren berri ematea.

7.- Buruzai proiektuaren inguruan Oleta ere Ez! taldearen idatzia.

Dagoeneko Azkoitia Bai Buruzai proiektuaren aurka dagoela herritar orok jakingo duela pentsa dezakegu, horrela adierazi baitugu idatzi/agerraldi publiko denetan

Maiatzean izan berri ditugun hauteskundeetako programan literalki horrela genion: Erabakiak hartzen hasi behar dugu, gure herrian ditugun baliabideak aztertu ondoren, non, nola eta noiz eraikiko ditugun, behar beharrezkoak bihurtu zaizkigun, energia garbia sortuko duten azpiegiturak, erabaki behar du herriak. Azkoitia Bai herri plataformak, gaur egun, enpresa pribatu batek, negozioa egiteko, gure mendi puntetan 200 metroko errotak jartzea pentsatu duela eta ez dio baietzik emango; alde batetik gure mendiak zeharo eraldatu aurretik badaudelako aztertu beharreko beste hainbat eremu, eta bestetik ez delako guk herri bezala aukeratu duguna.

Buruzai proiektuak, Zumarragatik Isazpi eta Oletara 4,5 eta zabalera handiagoa duten 10km errepide eraikiko direla dio, 200.000 metro kubiko lur mugituko direla, Iruarrietako estazio megalitikoa alderik alde bide horietako batek gurutzatuko duela, eta 200m-ko altuera duten 4 aerosorgailu erraldoi eraikiko dituztela gure mendi puntetan, bi Azkoitian eta bana Azpeiti eta Zumarragan, ondoren sortzen den energia, beste azpiegitura baten bitartez  Ezkio-Itsasora eramango delarik, berriro ere gure errekatxo eta ondarea arriskuan jarriz.

Energia burujabetza dabilkigu denon ahotan, baina energia enpresa pribatu erraldoiek nekez ziurtatuko digute hori. Energia burujabetza nahi badugu denok jarri beharko dugu geure aletxoa, denok zerbait sakrifikatzeko borondatea erakutsi beharko dugu, elkarlana funtsezkoa izango da.

Hauteskundeetan izan genituen emaitzen ondoren, beste alderdiei dokumentu bat helarazi genien izenburu honekin taldeen/alderdien arteko programa akordioa 2023-2027 agintaldirako, eta hirugarren puntuak honela zioen: "Oletako zentral eolikoa: gai hauetan aditua den abokatu bulego bat kontratatu, proiektu hau gelditzeko. 2023 bukaerarako herrian energia berriztagarriak ezartzeko baliabideak aztertu, eta komunitate energetikoak eratzeko prozedura erabaki.

2024ra begira onartu berri ditugun aurrekontuetan, Xabier Munibe ikastolaren teilatuan eguzki plakak jartzeko eta komunitate berriak sustatzeko partidak jarri ditugu, eta azkenik, kostata izan bada ere, Isazpi/Oletako proiektuari alegazioak egiteko abokatua kontratatu dugu.

Oraindik ez dakigu proiektu hau gelditzeko lain izango den, baina gure helburuak berdina izaten jarraitzen du, ezin dugu onartu gure herria non zegoen ere ez zekien enpresa pribatu batek, gure etorkizuna horrela baldintzatzea, ezin dugu ulertu gure mendiak maitatzetik, gure mendiez harro egotetik, ba patean, nola pasatu diren enpresa pribatu batzuen ditu iturri izatera, ez dago beste irtenbiderik? Hau da egokiena?

Energia berriztagarrien aldekoak garela ere behin baino gehiagotan errepikatu dugu. Energia berriztagarrien alde gaude, eguzkiaren energia, energia hidrologikoa, haizeak erroten bidez emango ligukeena, aerotermia, geotermia, … baina baita mendien alde ere.

Azkoitia Bai Oleta/Isazpiko proiektuaren aurka dago, eta bere esku dauden baliabide eta indar guztiak erabiliko ditu proiektu hau gelditzeko.

Ozenago esatea egongo da, baina garbiago nekez.

8.- Behin betiko onespenen berri ematea.

9.- Aurrekontuari buruzko informazioa.

10.- Galde-erreguak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide