Oletaz presazko bilera

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitia Bai 2024ko urt. 4a, 09:59

2024ko urtarrilaren 3an, Oletan Ere Ez taldeak deituta, Ingurumen Mahaia bildu zen premiatasunez, eta Azkoitia Bai taldeak honako hauek aipatu zituen.

2000. urtean udalek iritzi hau zuten:

"Administrazio Publiko interesatuei eskaini zitzaien entzunaldiaren izapidearen barruan, hainbat udalek esan zuten Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko Kultura, Gazteria eta Kirol Sailburuordetzak prozedura hasita daukala, kultur ondasun kalifikatu gisa deklaratzeko, Multzo Monumentala kategoriarekin, Elosua-Plazentziako (Irukurutzeta) eta Iruarrietako (Samiño-Izazpi) estazio megalitikoak; horiek kontserbatzea eta parke eolikoa ezartzea ez dira bateragarriak udalen iritziz".

2023ko otsailaren 20an, Azkoitia Bai taldetik, eremu hori babesteko, Elgoibarrek Karakatekin egin zuen bezala (eremu honetan proiektatutako zentral eolikoak gelditu dira), plan berezi bat abiatzea proposatu genien beste alderdiei, ondoren Azpeitia eta Zumarragan berdina egiteko. Erantzun zehatzik ez genuen jaso.

Ondoren, hauteskundeak iritsi ziren, eta gure taldeak hiru zinegotzi lortu zituenez, elkarrizketen ardatz bihurtu ginen. Hauxe izan zen beste alderdiei eginiko eskarietako bat:

"OLETAKO ZENTRAL EOLIKOA:  Gai hauetan aditua den abokatu bulego bat kontratatu, proiektu hau gelditzeko".

Alkatetzarako gure botoa jasotzen ez bazuten ere, hau benetan sinesten al zuten galdetu genien, eta erantzuna baiezkoa izan zen. Azkenean, besteek egin zuten bezala, guk gure buruari eman genion boza, ez batak eta ez besteak inongo konfiantzarik ematen ez zigutelako, eta orain ikusten da ez genbiltzala oso oker.

Guk berdina pentsatzen jarraitzen dugu, eta horren lekuko berri hau buletinean irten zen aurreko eguneko batzordean, 2023-12-14koan esan genuena, eguna iritsi aurretik Buruzaiko proiektua gelditzeko prestatzen hasi behar genuela, hain zuzen.

Gure ustez, alegazioak egiteko arrazoi asko ditugu, Iruarrietako eremu megalitikoa, desagertzeko zorian dagoen sai zuriaren kokalekua da, putreak ere nahiko gertu ikusten dira, alternatiba sendo bat ez dela aztertu iruditzen zaigu, eta zentral honen produkzioa gelditzen denean, eremu dena lehenera bueltatzeko oso aurrekontu gutxi. Azken honetan dagoeneko eskarmentatuta behar genuke, baina ezetz dirudi. Oinartxon bezala, kasu honetan ere 500.000 euro inguru (520.123,79 euro) jarriko lituzkete, eta diru horrekin, kontaktatu ditugun teknikoen arabera, ez legoke ia hasteko ere. Hori ere herritarrok ordaindu beharko dugu?

Eta bukatzeko, gure ustez behar-beharrezkoa den aholkularitza juridiko horrek proiektu honi alegazioak aurkeztu nahi dizkieten taldeen esanak ere kontuan hartzea ezinbestekoa litzateke, bide batez boluntarioki egiten ari diren lana ere eskertuz.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide